Argizaiolak piztu du Manuel Lekuona

jon-altuna-egitegi 2013ko martxoaren 16a

Gero Axular dantza taldeak Argizaiola obra aurkeztu du gaur iluntzean Manuel Lekuonan 450 bat ikusleren aurrean. XIX. eta XX. mendeetan kokaturiko istorio beltz eta gordinak interpretatu dituzte lanean aritu diren adin ezberdinetako 64 lagunek. Horretaz gain, bederatzi musikari aritu dira ikuskizunari zuzeneko musika eta ahotsa jartzen. Emaitza ikusgarria izan da.

Testigu isil, testigu bizi
Oro har dantzariak izan dira protagonista, Euskal Herriko mendi eta herrietan jasan zituzten gerra eta istiluen testigu isil, baina mugikorrak. Garaiko soineko eder eta jantzi ikusgarriez lagunduta ikuslea hunkitzea lortu dute euskal dantza tradizionalak maisuki interpretatuz, hala nola, banakoa, makil ahuena, arratia, lesaka...

Atrezzoa ere ikusgarria izan da, musikariak ikuskizunerako bereziki prestatutako baserri baten ganbaran egon baitira zuzenean kantuak abesten txistu, gitarra zein beste instrumentuak joz. Argi jokoekin obran zehar sortu dituzten giro intimoak ere ederrak izan dira, batez ere Gernikako bonbardaketaren momentua plazartu dutenean, bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarri zaio momentu horretantxe.

Ordu eta erdi inguru iraun duen Argizaiola lana estreinakoz taularatu du Gero Axular dantza taldeak lau eszena nagusitan banatuta (Zopizartu, Egurra moztu, Garoz estali, piztu), ikazkin batek txondorra pizteko jarraitu beharreko pausuak hain zuzen. Eta nola piztu gainera. Manuel Lekuonak ia minutua iraun duen txalo zaparrada ozen batekin agurtu baititu dantzari eta musikari guztiak.

Juan Luis Unzurrunzagaren gidaritzapean lan egin du Donostiako taldeak eta hari ere aitortu behar zaio lan zoragarri honen meritua.