Euskarak eta kirolak bat egin dute Atsobakar auzoan

Euskara eta kirola bultzatu asmoz, giro bikainean burutu da goizean herriko atleta Eneko Kastro zenaren omenezko XVI. Euskal Krosa Atsobakar auzoan. Landaberri ikastolak urtero antolatzen duen euskal krosean neska mutil ugarik hartu dute parte eta lasterketa bukatzean, domina bana eta edaria izan dituzte zain.



XVI. EUSKAL KROSAREN ARGAZKI GALERIA (Egin klik gainean)

Eguraldia petral samarra izanagatik, jendez lepo zegoen Atsobakar auzoa, lasterkarien guraso, aitona-amona, senide eta lagunak joan baitira txikienak korrika egiten ikustera. Denak txalo zaparrada batekin hartzen dituzte helmugan, eta guraso guztiek nahi izan dute euren seme-alabaren argazkiren bat jaso, oroimenerako.

Lehiakortasuna bigarren mailan
Urteroko izaera mantendu du aurtengoan ere Euskal Krosak eta amaieran ez da lasterkari onenentzat saririk izan. Karrera guztiak amaitzean, hainbat sari zozketatu dira eta urteroko tradizioari eutsiz Margarik banatu ditu opariak eta muxuak zortedunen artean, Eneko zenaren amak.
Haurren artean lehiakortasunaz haratago, txikitxoek kirola eginez gozatzea izaten dute helburu antolatzaileek.
Horretarako, parte hartzaile guztien artean kirolarekin eta euskararekin lotutako opariak banatu dira zozketa bidez eta zenbaitek irribarre zabal batekin aldegin du etxera.

Parte-hartze handia
Aurtengoan ere, parte-hartzea bikaina izan da. Hamar bat lasterketa egin dituzte, adinka banatuta eta guztiek Atsobakarreko parkean prestatuta zegoen 500 bat metroko barrutiari hainbat itzuli eman behar izan dizkiote. Amaitzeko, antolatzaileek eskerrak eman dizkieten laguntzen aritu ziren guztiei.