San pedro jaiak antolatzeko bilerak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 19a

San Pedro jaiak gero eta gertuago dira eta lehengo urtean egin moduan, Gazteria, Festak eta Kirola departamentuaren asmoa berriro ere hauen antolaketarako herritarren partea hartzea sustatzea eta bermatzea da. Hau dela eta martxoaren 21ean egingo da herriko festak antolatzen hasteko lehenengo bilera herriko elkarte ezberdinetako ordezkariekin eta herritarrekin kultur etxean 19:00etan.

Herriko jaiak “aberasgarriagoak, zabalagoak eta herrikoiagoak izateko” udalak martxan jarri du iaz abiatutako bilera prozesua. “Lehengo urteko esperientziatik ikasi, prozesuak emandako esperientzia positiboak aintzat hartu, eta aldatu beharrekoak aldatzeko asmoa dugu” adierazi dute udaletik.

Horrela aurten martxoaren 21ean abian jarriko den prozesua “2012. urteko oso antzekoa izango da, baina aldaketa garrantzitsu bat izango du 2012. urtean proposamenak bildu genituen batik bat, informazio guztia ostean departamentuak kudeatuaz. Aurtengoan, herritarrek eta herriko elkarteek iniziatiba hartu eta jaien antolaketan gehiago inplikatzea sustatu nahi dugu, haiek izan daitezela antolaketan partaide, eta ez proposatzaile soil”.

Hori dela eta ostegunean egingo da lehenebgo bilera, martxoaren 21an, herriko elkarte ezberdinetako ordezkariak eta, parte hartu nahiko luketen herritarrak ere bai, kultur etxean 19.00etan. Bilera honen helburua, batzorde iraunkor bat sortzea izango da, jai batzorde bat, bildutako proposamenak bertatik kudeatzeko, eta aldi berean, herritar eta herriko elkarteen iniziatibak bideratzeko.