Enara Fernandez eskiatzailea Espainiako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 19a

Kirol egokituko Espainiako eski txapelketak jokatu dira egun hauetan Cerler-eko pistetan. Enara Fernandez herritarra bertan izan da lehian eta Iraitz Etxarri gidaren laguntzaz Slalom eta Slalom Gigante probetan garaipena lortu du. Espainiako titulu bikoitz honek Enarak aurten egindako denboraldia borobildu dute. Slalomean bikain aritzen da 11 urteko gaztetxoa eta aurtengo denboraldian hiru txapelketetan izan da podiumeko lehen mailan, Katalunia, Ezcaray eta Madrilen.

Bikotea Slalom Gigante probako urrezko dominarekin.

Sorpresa ederra eman zuen Enara eta Iraitzek osatutako bikoteak atzo Slalom Gigante-ko finalean lehen denbora lortu zuenean eta gaur goizean ere ederki ibili dira Slalom-eko finaleko bi jaitsieratan.
Enara eta Iraitz bi garaipen hauekin oso pozik daudela aipatu digu Mari Carmen Enararen amak.
Merituz lortutako garaipenak dira batetik Enarak eta Iraitzek elkarrekin egiten duten lehenengo urtea delako eta bestetik Enara ez delako bere mailan lehiatu. Enararen amak azaldu digunez, nahiz eta Enara infantila izan, jubenil mailan lehiatu da eta 15 eta 18 urte arteko neska gazteak izan ditu arerio.
Enara eta Iraitz Jon Santacana munduko txapelduna eta honen gidarekin.
Honetaz gain, Enara eta Iraitzek Jon Santacana kirol egokituko eskiko munduko txapelduna ezagutzeko aukera izan dute.