130 neska mutil zuhaitz egunean

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 20a

Herriko ikastetxeetako 8-9 eta 10 urteko 130 haurrek parte hartu dute 2013ko zuhaitz landaketan. Guztira asteazken eta ostegunean 170 arbola landatuko dira Goiegi jatetxearen errepide bestaldean dagoen zelai batean. Asteazken goizean udaberriko giroarekin 120 arbola landatu dituzte, lizarrak, haritzak eta pagoak, Eneko Urdanpilleta Udaleko lorazainaren laguntzarekin. Ostegunean beste 50 astigar, urki eta haritz landatuko dituzte.

Giro onean landatu dituzte arbolak neska mutilek.
Eneko Urdanpilleta Udaleko lorazainak erakutsi die haurrei nola landatu behar diren zuhaitzak. Lasarte-Oriaren gainean, Goiegiko etxe berrietatik eskuinera dagoen zelai batean prest zeuden arbolak, zuloak eta lurra landaketak egiteko. Lorazainak azaldu die arbolaren sustraiak lurrez ondo tapatu behar direla eta ez direla agerian geratu behar.
Azalpenen ondoren haurrek landatu dituzte, gaurko prest zeuden 120 lizar, haritz eta pagoak. Landaberri ikastolako 4. mailako 102 ikasle eta Sasoetako 3. mailako 28 aritu dira gaur lanean. Beraz taldeka banatuta, zuhaitz bana landatu dute. Giro ederra zegoen gaur goizean, udaberriak keinu bat egin die neguko azken egunei, eta pozik aritu dira neska mutilak aitzurrak hartuta, “ikasgelan baino askoz hobeto”.
Lizarrak, haritzak eta pagoak landatu dituzte.
Ostegunean beste 50 bertako arbola landatuko dira, beste mota batzuetakoak, hain zuzen ere, astigarrak, urkiak eta haritzak.