Ikimiliki logoa da irabazlea

maider-azurmendi 2013ko martxoaren 20a

Ez ohiko batzarra egin da logoaren lehiaketako irabazlearen izena jakiteko. Prozesuan irregulartasunak izan dira eta irabazle gertatutako Argos deskalifikatzea erabaki zuten alderdiek batzordean. Honako erabakia bozkatu behar izan dute gaur Ikimiliki irabazle izendatu ahal izateko.

Hika mika piztu du alderdien artean udalaren logo berriak. Izan ere Argos lana ateratzen zen puntuaketa altuenarekin alderdi politikoak, elkarteak eta herritarren bozak kontutan izanda eta hau deskalifikatzea izan da alderdiek bozkatu behar izan dutena kontutan izanda egileak bere izena ezagutzera eman zuela.

Dirudienez Jose Manuel Monge Argos lanaren egileak, bere lanarentzat bozka eskatu zuen Facebooken. Prozesuan eta oinarrietan azaldu bezala, anonimotasuna ziurtatu behar zen eta honako baldintza ez zuela bete argudiatu dute udal alderdiek erabakia hartzeko. Horrela izanda puntuaketetan hurrengoa izendatu dute EAJ eta Bilduren aldeko bozekin, irabazlea, Ikimiliki.
Logo irabazlea Bit&mina enpresak aurkeztutakoa suertatu da

PSE-EE kontra
PSE-EEk kontrako botoa eman du eta Plataformako bi kideek abstentzioa erabaki dute. Azken hauek azaldu moduan, lehiaketa aurkeztutako logo guztiak ikusita, herriaren nortasuna hauetan ez zela islatzen ondorioztatu eta lehiaketa desierto uztea izan zen euren proposamena. "Hala ere prozesua garbia izan dela zalantzarik ez dugu eta onartzen dugu erabakitakoa".

Zaballosek azpimarratu du bere alderdiaren lehenengo proposamena lehiaketa irabazlerik gabe uztea izan zela. Hala ere, prozesuan arazoak izan direla argudiatuta ez dute bat egin Argos lana deskalifikatzearekin.

Hika mika sortu da orduan PSE-EEko Lourdes Acevedo eta Boris Nogaleen artean. Lehenengoak erakusketan gertatutako pasarte bat gogora ekarri du eta Nogalesek berriz prozesuaren garbitasuna defendatu du. Idazkariak berak hitza hartu eta hala izan dela azpimarratu nahi izan du eztabaidarekin amaitzeko.

Bilduko Nerea Sanchezek datuak jarri nahi izan ditu mahai gainean eta halakoak izan dira puntuaketak: alderdi politikoen artean %50-eko balioarekin 6,23 puntu Ikimiliki eta 4,41 Argos; elkarteen artean %30 balioarekin Argosek 3,36 eta Ikimilikik 3,65 eta azkenik eta hemen zegoen alde nagusia, herritarrek emandako bozketan %20, Argosek 9,03 eta Ikimilikik 4,83 bigarren postuan kokatuz. "Nabarmen ikusten da non lortu duen Argosek puntu gehien eta kasu horretan ulertzen dugu eragina izan duela bere bozen eskaera horrek".

Irabazlea
Azkenean irabazlearen izena ezagutzera eman da bertan idazkariak gutun azala irekita, horrela ikimiliki lanaren egilea Bit&mina enpresa izan dela jakin da. Orain udala berarekin harremanetan jarriko da eta logoa hautatuta egon arren, posible dira modifikazioak gertatzea "oinarrietan jasotzen zen eskumena da eta egile eta udalaren artean hobekuntzak proposatu daitezke" adierazi du alkateak beraz logo definitiboaren onarpena hurrengo pleno batean bozkatu beharko dute alderdiek.