Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxetako haur eta gazteek gaur arratsaldean Korrika txikian parte hartu dute. Eguraldia lagun hiru ordu laurdenez gure herriko kaleetan zehar euskararen alde egin dute lasterka.
Arratsaldeko 15:20 ak aldera hasi da Korrika txikia. Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko txikiak izan dira lekukoa eraman duten lehenengoak eta urduri eman dituzte lehen pausoak. Tipi tapa, tipi tapa Kale Nagusitik Beko kalera egin eta LH-ko gazteek egin dute Kalbario bideko aldapa. Sasoetako ikastetxe ondoan eta Andatza plazara sartu baino lehen egin dituzte beste bi lekuko aldaketak eta Tajamar errotondara iristean lekukoa eman diete Landaberri ikastolako gaztetxoei.
Haur txikiek eta gazteek ere ederki mantendu dute Korrika txikiko erritmoa.
Hauek Donostia etorbidetik Atsobakar auzora egin dute eta honetan eskolako txikiek eman diote ongi etorria euskararen lasterketari. Garaikoetxea eraikinetik pasa eta gero Donostia etorbidea eta Hipodromo etorbide kaletik egin du Korrika Txikiak. Pablo Mutiozabal kalean Landaberri BHI-ko gazteek hartu dute lekukoa eta lasterketak erritmoa hartu du. Pintore kalea, Iñigo de Loyola eta Geltoki kaleak egin eta azken lekukoa Uistin kalean Kutxabank ondoan izan da. Hortik ibai aldera eta Blas de Lezo kaletik berriro Geltoki kalera egin dute Okendo plazan amaitzeko. Honetan lekua eraman duten gazteak oholtzara igo eta erromeriaz eta muxikoetaz gozatzeko aukera izan dute haur eta gazteek.