Familientzat ikastaroak Udaberrian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 22a

Lasarte-Oriako Udaleko Kultura eta gazteria sailek Udaberriko ikastaro egitarau zabala prestatu dute eta berrikuntza modura familientzako ikastaroak aurkeztu dituzte.
Kultura saileko arduradunek azaldu digutenez, familia ikastaroek guraso eta haurren arteko harremana sendotzeko helburuarekin antolatu dira eta gai ezberdinak landuko dira, sukaldaritza, birziklapena, ipuinak edo lehen sorospenak, esate baterako.

Saio hauek hiru adin tarte ezberdinetan banatu dira batetik 0-6 urte bitarteko haurrekin egin daitezkeenak, bestetik 4 urtetik gorakoentzako saioak eta azkenik 6 urte baino gehiagokoei zuzendutakoak. Horietako saio bat, Sexualitatea familian izena duena gurasoei zuzendutakoa da.
Ikastaro hauek larunbatetan izango dira Manuel Lekuona kultur-etxean eta haur bakoitzarekin gurasoetako bat egon beharko duela jakitera eman dute antolatzaileek.

Beste ikastaroak
Bestalde, 14 urte baino gehiago duten herritarrentzat hainbat aukera daude gazteria eta kultura saileko ikastaroen artean. Baratza balkoian, streching, serigrafia, free style dantza, gitarra, henna tatuajeak edo biziraupen ikastaroak dira Gaztelekuan eta Manuel Lekuonan eskainiko diren saioak.
Ikastaroetan izena eman nahi dutenek lasarteoriasarean orrialdean edo Gaztelekura hurbildu behar dira apirilaren 5an baino lehen.

Familia ikastaroak doainekoak dira, besteetan berriz erroldatuek 27,35 euro ordaindu behar dituzte eta erroldatuak ez daudenak berriz 48,16 euro.