Igande goizean amaituko da 2013ko Korrika 18-a, Baionan eta bertara bidean, larunbatean arratsaldeko 17:00etan iritsiko da Lasarte-Oriara. Usurbil aldetik helduko da, eta, gutxi gorabehera, ordu bete herriko kaleetan egin eta gero Urnieta bidetik abiatuko da Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Donostia aldera.
Dena den, larunbat goizean goizetik izango da giroa Lasarte-Orian eta Okendo izango da ospakizunaren erdigunea.
Muntteri euskaltegiak antolatutako egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da haur eta helduentzako jokoekin.
11:00etan, Rafafa magoak zenbait trikimailu egingo ditu Okendo enparantzan eta ordu berean, bertatik abiatuko dira Kukuka antzerki eta dantza eskolako partaide batzuk. Kalean antzerkia egingo dute zenbait auzotan eta gero berriro Okendora itzuliko dira eguerdiko 13:00etan.
Bazkaria Okendon
Ordurako hasita egongo da, eguerdian, Alboka eta Xumela abesbatzen kantu-jira, kalez kale eta tabernaz taberna. 14:00etan hasita, Herri Bazkaria, eta bazkalostea, Amalurreko musikari, bertsolari eta Dinbi Banda herriko batukada taldeak girotuko dute.
Arratsaldeko 17:00etan iritsiko da 18. Korrika Hipodromoko zubira. Lehen kilometroa Muntteri euskaltegiko ordezkariek egingo dute, eta beraiek eramango dute lekukoa.
Ondoren herriko kaleetan lekukoa hartuko dute, besteak beste, Ttakunek eta herriko beste hainbat elkartek, Kukuka antzerki eta dantza eskolak, pailazoek, Udaleko ordezkariek, ikastetxeek, Landaberriko guraso elkarteak, LAB sindikatuak eta Bilduko Udal taldeak.
Urnieta bidetik aio
Herrikoen azken kilometroa Sorgin Jaiak batzordeko eta Ernai gazteen erakundeko ordezkariek egingo dute Urnieta bidean Ormazabal etxe inguruan. Szken ordezkari horiek Urnietakoei emango diete lekukoa.
Korrika pasako da baina hor ez da amaituko festa. Larunbatean arratsaldeko 18:00etatik aurrera erromeria antolatu dute Okendo plazan.
Bestalde, Korrika igandean amaituko da Baionan eta herritar ugari joango da ospakizunaren amaieraz gozatzera autobusean.
Lasarte-Orian arrastoa utzi du Korrikak. Osteguneko Korrika txikian hainbat neskamutilek parte hartu zuen eta larunbaterako ere jendetza espero dute antolatzaileek.

