Euskara elkarri emateko ikasten

jon-altuna-iza 2013ko mar. 22a, 10:15

Jakina da 18. Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren pertsonak omenduko dituela. Aurten zabaldu nahi duen mezuak dio euskara dela elkarbizitzarako gakoa, “elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna”, beraz, helburu hori lortzeko, “euskara elkarri emateko”, euskara ikasten ari direnen ahalegina aitortu dute arduradunek, eta Korrikak omenaldirik beroena eskainiko die 2013an euskara ikasle guztiei, “haien ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako”.

Alberto Alonso euskara ikaslea.
Korrikaren 18. edizioak euskara ikasleak omendu ditu, eta Muntteri euskaltegiak aurreko ostiralean hilaren 15ean Manuel Lekuona kultur-etxean egin zuen aurkezpenean isladatu zen hori.

Muntteri euskaltegian hainbat mailetako 75 ikasle inguru ari dira euskara ikasten. Gu horietako birekin mintzatu gara, Pili Bodegas eta Alberto Alonsorekin, ikasleen zailtasun eta nahiak ezagutzeko. Oro har pozik hartu dute ikasleek euren ahaleginaren aitortza. Alberto Alonso, erdi mailako ikaslearen iritziz, “kontuan hartzekoa da hori”. Pili Bodegas, lehen urratseko ikasleak esan digunez, euskaltegiaren oinarria dira ikasleak, “beraien laguntzarekin aurrera goaz eta Gero eta gehiago gustatzen zaigu euskara”.
Alberto Alonso ere gogoarekin ari da euskara ikasten, baina lasaitasunez: “Nik beti esan izan dut brometan ulertzenduna naizela, ez euskalduna. Euskaldun izatea oso zaila da, normalean ez dut euskaraz hitz egiten”.
Pili Bodegas euskara ikaslea

Pili Bodegasek, aldiz, etxean egiten du mintza praktika. “Umeari ahalik eta gehiena euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, batez ere asteburuetan, lasaiago nabilenean. Senarrarekin, berdin, euskalduna da eta asteburuetan hitz egiten dugu”.

Gogorra egiten zaie ikasleei euskalduntze prozesua: Piliren lehentasuna eta helburua euskara ulertu eta hitz egitea da, idaztea baino gehiago. “Kalean euskaldunekin egoten naizenean hitz egiten dutena ulertzeko”.

Alberto Alonso aurten gutxiago joan da euskaltegira eta horrela oraindik gogorragoa dela dio: “Galduta nabil askotan. Lasai hartuko dut, pixkanaka. Ez daukat presarik”.

Euskararen alde korrika
Alberto Alonsok sekula ez du parte hartu Korrika batean. “Behin pasatzen ikusi genuen, baina ez dut inoiz parte hartu eta ez dakit aurten ere ahal izango dudan. Tendinitia daukat belaunean eta oinez ala bizikletaz egin beharko dut, baina korrika ez. Gainera, oso lanpetuta nabil, Madrilen aritu naiz eta orain Gasteizen nago”.

Pili korrikalaria ere bada eta bere haurrarekin joango da lasterka egitera. “Aurreko Korrikatan ere hor izan ginen umetxoa eta biok. Niri euskararen inguruko guztiak liluratzen nau. Kilometroak festara urtero joaten naiz”. Dena den bere ustez, jaiak baino eguneroko erabilera da gakoa. “Nire adinarekin zaila egiten zait euskaraz hitz egitea, baina saiatzen ari naiz, ez mintzatzeak pena ematen dit eta”. Horregatik hasi zen euskara ikasten: “Gustatu eta ez hitz egiteak pena emateaz gain, beharrezkoa dela ikusten dut. Gero eta leku gehiagotan erabiltzen da eta eskatzen dute. Iaz, lana galdu nuenean, “denbora” neukanez, euskara ikastea eta euskaltegira etortzea erabaki nuen”.

Orain dela bi urte hasi zen Alberto Alonso euskara ikasten eta bi arrazoi aipatu dizkigu: “Zergatik? Duela urte batzuek liburu bat irakurri nuen Euskal Herriari buruz eta jakin-mina, interesa, piztu zitzaidan. Hori batetik. Eta bestetik, lana aurkitzeko orduan beharrezkoa bada zerbait izateko”.

Giro ona AEKn
AEKren Muntteri euskaltegira oso gustura joaten dira. Pili Bodegasek aitortu digunez, “oso giro ona dago. AEKn ikasteko modua desberdina da. Bestela kokoteraino bukatzen duzu” esan digu Pilik.
Alberto Alonso ere pozik joaten da euskaltegira: “Ikasle eta irakasleak jatorrak dira, hartueman oso familiarra dugu eta giro ona dago euskaltegian”.

Lasarte-Orian euskarak duen egoerari buruz iritzi ezberdina dute bi ikasleek. Albertok nahiko ondo ikusten du Lasarte-Orian, “pena ematen dit dakitenak, euskaldunak direnek elkarren artean euskararik ez erabiltzea. Joera eta ohitura handia dago gazteleraz mintzatzeko”. Horrek ez du errazten euskaldun berriek euskaraz aritzeko aukera, Albertoren iritziz, “gainera horri gehitu behar diozu lotsa, gure soltura eta erraztasun falta, aditzen ezezagutza, eta abar”.

Pili Bodegas-en ustez, aldiz, “gero eta gehiago erabiltzen da euskara. Lehen ez nuen hainbeste entzuten. Orain umeek euskaraz ikasten dute eskoletan, eta gurasoek ez hitz egin arren, seme alabek bai. Tiraka ari da euskara”.

Ahalegin handia
Bere inguruan “euskara gero eta gehiago” hitz egiten dela dio: “horrek zoratzen nau, gauza asko ez dakidan arren eta hitz egiteko ahalegin handia egin behar dudan arren. Euskararen inguruko giroa asko gustatzen zait eta aurrera doala ikusten dut”.

Alberto Alonsok ere euskal kultura ezagutzeko jakinmin handia du. “Euskara beste hizkuntza bat da, oso interesgarria hemengo kultura hobeto ezagutzeko eta zaintzeko”.