Herriko Bertsolari Txapelketa, gaur gauean Jalgi tabernan

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 22a

Euskal Herri osoko 25 herritan egingo da Bertso Korrika Zirkuitua, horien artean Lasarte-Orian. Jalgi elkartean, gaur, ostirala, martxoaren 22an 22:00etan bederatzi bertsolarik Herriko Bertsolarien Txapelketa jokatuko dute. Ttakun-eko Earra! Bertso eskolak antolatu du Korrika eta Bertsozale elkartearekin batera. Migel Angel Ortiz de Guzmanek lehenengo aldiz kantatuko du eta berarekin hitz egin dugu.

Migel Angel Ortiz de Guzman
Earra Bertso Eskolako kideek parte hartuko dute Lasarte-Oriako Bertsolari Txapelketan, gai jartzailea Pablo Suberbiola izango da eta bertsolariak, Zigor Iriondo, Andoni Otamendi, Imanol Lizardi, Unai Muñoa, Evaristo Pikabea eta Ane Labaka, lasarteoriatarrak, Asier Aspiroz eta Beñat Iguaran kanpotarrak, hurrenez hurren zubietarra eta amasarra, baina hemengo bertso eskolan aritzen direnak, eta nobedadea, Migel Angel Ortiz de Guzman izango da: Nafarroan bizi da, Iruñeako San Fermin ikastolan lan egiten du eta han trebatu da bertsotan. Gaur kantuan baino errazago erantzun dizkie Txintxarriren galderei.

Sorpresa izan da, Lasarte-Oriako txapelketan zuk parte hartzea. Jende askok ez du jakingo aritzen zarenik ere?
Sorpresa izango da ni kantuan ikusten nauzuenean.

Oso ondo arituko zarelako, ala?
Edo kontrakoarengatik.

Nafarroan bizi zara, han hasi al zara bertsotan?

Ni 1992an Lasarte-Oriako bertso eskolan hasi nintzen, baina sei hilabete ondoren utzi egin nuen, Nafarroara joan nintzen eta lanera. Gero han 13 urtean ez nuen ezer egin, zaletasuna, bai beti izan dut, baina ez nuen helduen talderik topatu. 2006 inguruan ikusi nuen nonbaiten helduen bertso eskola sortzear zela eta hasi egin nintzen. Bi urtean Arkaitz Goikoetxea oiartzuarrarekin aritu nintzen, asko ikasi nuen berarekin, eta geroztik Xabier Terreros-ekin ari gara.

Zenbatero elkartzen zarete?
Astean behin aritzen gara pare bat orduan zazpi-zortzi lagun bertso eskolan. Drintiña deitzen digute. Lagunarteko desafio batean, batek agurrean bakoitza Bartzelonako jokalari baten paperean jarri gintuen, eta ordutik drintiña gara Nafarroan.

Drink team-a izango da...
Ez drintiña, euskaraz, entzuten den bezala.

Jendaurrean kantatu al duzu inoiz?
Iaz Bardoen txapelketan. Gure taldeko bi lagun atera dira aurten Nafarroako txapelketan.

Beraz haien sparring-a izango zara zu?
Bai. Baina jendaurrean iaz bakarrik kantatu dut, bi aldiz. Iaz sortu zen txapelketa bitxia da. Duela bi urte arte Nafarroako Txapelketa urtero egiten zen, baina bi urtetik behin egitea erabaki zen, urte osoa deus gabe uztea motz geratzen zen, eta asmatu zuten taldekako txapelketa. Gipuzkoan ere egin izan da inoiz. Nafarroako txapelketa iristen ez zen tokietara heldu nahi zen eta formato txikiko saioak antolatu ziren.

Zer moduz joan zen?
Ondo. Lasai lasai joan nintzen eta ezinean ibili ere bai. Araitz-eko taldearekin atera nintzen. Gure taldeko guztiak atera ginen talde ezberdinetan. Gure lehen plaza izan zen. Giro oso ona egon zen, agurrak taldean aurretik prestatuak ziren, antzerki modukoak.
Ostiralerako nire asmoa ere hori da, lasai joan eta lagunartean saiatu behintzat. Nahikoa lan izaten dugu, errimak ezin ekarri, bertso ezin osatu... Guk jendeari baino geure buruari diogu beldur gehiago.

Ttakun-eko bertso eskolan bertsolari onak daude eta haien ondoan moldatuko zara...
Bai, Bardoen txapelketan ere hori izan zen polita: bertsolari onak eta ez hain onak denek elkarrekin kantatu genuen. Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma eta denak nahastuta talde guztietan. Hori ederra izan zen, Bertsolari on baten ondoan kantatzeak ez digu beldurrik ematen, beldur gehiago diogu gure buruari. Sorpresa izango gara, hau da, deskuidatu eta saio bikaina ateratzen zaizu, edo beste muturrekoa, ezinean isilik geratzea.

Nafarroako puntako bertsolariak aipatu dituzu. Jarraitzen al duzu txapelketa?
Bai.

Ari al zara epai mahaiko edo gai jartzaileen taldean?
Ez. Denbora faltarengatik ez dut ezer egin, baina gonbidapenak izan ditut, nahi nuenerako.

Zein izango da zure ustez txapelduna?
Julio Soto ikusten dut ondo. Baina kontuz,bi sorpresa izan dira aurten, Eneko Fernandez eta Aimar Karrika, finalean.

Zer dira zure taldekoak?
Ez, ez, ez, gure taldekoak lehenengoan kalera joan ziren, hortik daukagun mailaren kontuak atera. Ni baino pixka bat hobeto aritzen dira, eta ausartu dira txapelketan.

Bertso girorik ba al da Iruñean?
Badago. Iruñerrian helduen bizpahiru bertso eskola daude, eta Hizkuntza Eskolan bi talde daude, 25 pertsona ari dira hor. Nagore Aranburu irakasle donostiarrak bertso barruraino sartuta dauka, eta euskaldunberriei nor-nori-nork bezain azkar erakusten die bertsotan. Eta bi bertso eskola sortu ditu. Giroa badago.
Bertso Aroa urtero egiten da udazkenean.

Hauxe zen...
Jalgikoa ere euskaldunberriei zuzenduta omen dago. AEKtik koadrila bat joango omen da.

Beraz bertsotan euskaldun berrientzat, argi eta zuzen egin beharko duzue...
Guk ez dugu nahi duguna egiten, egiten dugu ahal duguna.

Hemen behin edo behin kantatu duzu Santa Eskean...
Bai behin. Kopla bat edo beste. Baina asko harrituta geratuko dira, ez nautelako sekula entzun. Nire bertsozaletasuna ezagutzen dute, baina ez naute sekula kantuan ikusi.

Nolatan animatu zara?
Joxe Kruz Labakak esan zidalako. Txapelketa arina izango dela esan zidan.

Erraz eman al zenion baietza?
Bai, ez nuen pentsatu. Segituan esan nion.

Euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko helburua dauka Bertso Korrika ekimenak eta beraz beraien neurrira egindako saioak izango dira tabernetan. Antolatzaileek esan dutenez, ikasle askorentzat, “bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da". Guztira, 25 Bertso eskolak antolatu du saioa. Batetik korrika girotzeko hau iritsi bezperan egingo da, bestetik herriko bertsolariei kantatzeko aukera emango zaie, eta azkenik, esan bezala, euskara ikasleentzat prestatuko dira: “Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten”.