25 milioi euroko aurrekontua izango du Lasarte-Oriak

jon-altuna-iza 2013ko martxoaren 22a

2013an ia 25 milioi euroko aurrekontua izango du Lasarte-Oriak. Bildu, EAJ eta Hiritarren Plataformako ordezkarien aldeko botoarekin, PSE eta PPren aurkakoarekin onartu da gaur goizean bi ordu eta erdi iraun duen Udal Batzarrean. Oposizioko alderdiek aurkeztutako bi osoko zuzenketa eta beste hainbat zuzenketa partzial ez dira onartu, Bildu, EAJ eta Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, inbertsio horietako gehienekin bat egin arren, ordaintzeko modurik ez dutelako ikusten. Oposizioaren 47 zuzenketatik 15 onartu ziren Ogasun batzordean eta onartu ez zirenak berriro bozkatu dira udal batzarrean.

Bildu, EAJ eta Hiritarren Plataformako ordezkariek egin dute aurrekontuen alde.
Ostiral goizean, bi ordu eta erdiko batzarraren amaieran, 2013ko aurrekontua onartu du Lasarte-Oriak. Bilduko bost ordezkariek, EAJ eta Hiritarren Plataformako biek eman dute aldeko botoa, 9k beraz guztira, eta PSEko bost zinegotziek eta PPko ordezkariak aurkakoa, sei guztira. PSEko Nerea Artamendi eta alderdi bati ere atxiki gabeko Marisa Zubiri ez dira goizean egin den batzarrean izan. Ia 25 milioi eurokoa da aurrekontua eta sarrera eta gastuak berdintzeko 1.084.243 euroko kreditua eskatzea aurreikusi dute.
Udal Batzarrean onartutako 24.986.580,88 euroko aurrekontuaren gastu handienak, pertsonalarenak eta zerbitzuenak dira, 6.583.695 eta 10.903.076 hurrenez hurren.
Pablo Barrio Bilduko alkateak nabarmendu duenez, “gehien behar dutenentzat” egindako aurrekontu “xumeak” izan dira, hau da, inbertsioak egiterakoan gizarteko sektore ahulenak babesteko helburua nagusitu da. Bere iritziz oso garrantzitsua da “nondik gatozen kontuan izatea oinarriak finkatzeko eta norantz goazen bidean ez galtzeko” eta beraz garbi izan dute egoera gordina dela, herritar asko gaizki pasatzen ari dela eta krisiak gogor kolpatu duela herria. Beraz Barriok azaldu duenez oinarri nagusiak, gizarte zerbitzu indartsua eta gastu sozialean inbertsioa izan dira.
Etxebizitzaren arazoari alokairu sozialaren bidez irtenbidea ematea proposatu du Barriok, eta horregatik erabaki dute Zabaleta Berrin Udalak jasoko dituen 15 etxebizitzak ez saltzea eta alokairuan jartzea, “alokairu soziala bultzatzeko, espekulazioa saihesteko eta herriko alokairuen prezioan eragiteko helburuarekin”.
Pablo Barriok, beste hainbat inbertsio ere aipatu ditu, besteak beste, nagusiei laguntzako 500.000 euro inguru eta enplegu arloa indartzeko 80.000 euro. Gainera parte hartzea eta demokrazia zuzena bultzatzen jarraituko dutela nabarmendu du, “auzoetara hurbiltzen, elkarteekin biltzen eta herritarren kezkak jasotzen”.
Herritarren Plataformako Juanjo Castrok nabarmendu duenez, gustura sartuko lituzkete hainbat hobekuntza, baina, gaur egungo egoerari egokitutako eta etorkizunari begira egindako aurrekontuak dira.
Ogasun batzordeko buru eta EAJko ordezkari Estitxu Alkortak aitortu du krisi garaia kontutan izanik, zuhurtzian oinarritu direla aurrekontuak egiterakoan eta gerora begira, aurrezteko, gastu arruntari eutsi diotela. Alkortak jakinarazi duenez, Udal zerbitzurik ez kentzea, baliabideak optimizatzea, Kultura, Euskara, Gaztedia eta Kirol sailetan inbertitzea eta bereziki Zerbitzu Sozialetan arreta jartzea izan dira helburuak. Inbertsioen alorrean garrantzitsuena nabarmendu du, Blas de Lezo atzeko partearen urbanizazioa. Bestalde Alkortak aitortu duenez, Udaletxe berriaren eta Gaztelekuaren ekipamenduek gastu arrunta handituko dute, baina aurten egingo dira eta beraz udal langileak lekuz aldatuko dira.

Aurrekontu proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu die PSE eta PPk eta beste 57 zuzenketa partzial alderdi politikoek. Gehienak, PSEk eta PPk 26 eta 21 hurrenez hurren. PPk aurkeztutako, 21 zuzenketa partzialetatik 10 ontzat eman zituzten Ogasun eta Ondare Batzordean, eta PSEk aurkeztutako 26tik 5 onartu ziren. Bilduk 5 aurkeztu eta 4 onartu zaizkio eta EAJ 4 aurkeztu eta 3 onartu.
Esan bezala PSE eta PPk aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztu diote eta proposamena osorik berritzeko eskatu. PSEk herriko ekonomia eta etxebizitzak suspertzea, hondakinen arazoari aurre egitea, enplegua sortzea eta lasarteoriatarren bizi kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten helburuak kontuan hartuz proposamena berregiteko eskatu du. PSEren ustez, herria geldirik dago, aurrekontuak hutsuneak ditu eta soilik herritarren dirua alperrik galtzeko balio dute.
Nerea Sanchezek erantzun dio, esanaz, ezin dela lurrarekin negozioa egiten jarraitu, lurrak mugatuak direla eta agortzen direnean ez dela kudeatzerik izango. Horregatik, Zabaleta Berriko etxebizitzengatik dirua lortu eta inbertsioak egin baino, nahiago izan dute etxebizitzak jaso eta alokairu sozialean jarri.
PPk ere testua atzera bota eta berria egiteko proposatu du, “talde guztien eskuhartzearekin” Vanessa Velezek esan duenez. Bere ustez aurrekontuak bestelakoa izan behar du, batetik, herriak dituen benetako sarrerei egokitu eta, bestetik, dituen erronka eta beharrei ere bai. PPko ordezkariaren iritziz, lau hilabeteko atzerapenarekin aurkeztu da aurrekontua, herritarren eta alderdi politikoen parte hartzearen aldetik azken urteotako txikiena izan dute, eta bestalde, gastuari eusten zaio, baina inbertsioak gutxitzen dira.
Pablo Barriok erantzun dio, gauza batean ematen diola arrazoia, atzerapenean “ez legeak horrela esaten duelako, logikak eta eraginkortasunak baizik” eta agindu dio hurrengo urtean garaiz aurkezteko konpromisoa hartzen duela. Parte hartzeari dagokionez Barriok esan dio arlo horretan “bide luzea” dagoela jorratzeko, baina auzoz auzo jasotakoak presente izan dituztela eta inola ere ez dela azken urteotan parte hartze maila txikiena izan duen aurrekontua, azken aurrekontua 2008koa zela kontuan izanik.
Udal Batzarrean onartutako aurrekontua 24.986.580,88 eurokoa da. Batetik, pertsonalaren gastuak eta bestetik ondare arrunt eta zerbitzuenak dira handienak, 6.583.695 eta 10.903.076 hurrenez hurren. Bestalde, inbertsio errealetan 4.308.733 euro erabiliko dira. Ia 25 milioi euroko gastu horretatik 19.274.485 eragiketa arruntei dagokie eta 5.712.095 kapital eragiketei.
Blas de Lezoko inbertsioa, 250.000 eurokoa izango da, Atsobakarreko Zaharren egoitzako altzarietan ia 500.000 erabiliko dira, Udaletxe berriko altzarietan ia 180.000, Zabaleta Berriko auzo elkartean 90.000, kaleko argietan 50.000 eta kaleen konponketan 25.000.
Sarrerei dagokionez, handiena transferentzia arruntei dagokie, hor, 11.424.758 jasoko dira eta bestalde, zerga eta tasen bidez, 9 milioi euro baino gehiago jasoko ditu Udalak: 3.807.203 zuzeneko zergen bidez, 559.495 zeharkako zergen bidez, eta 4.658.336 euro tasa eta bestelako sarreren bidez.