Manuel Lekuonan Korrika Kulturala egitarauaren baitan Euskaren 8. Maratoiko bideoa ikusi ahal izan da estreinekoz.
Jende andana hurbildu da kultur etxera eta bertan Earra! Bertso eskolakoak entzun dira, zortzikoteko kideen aurkezpen berezia ikusi ahal izan da eta momentu gorena, bero-bero kanta entzutean ikusleak bere aulkietatik altxa eta dantzan hasi dira. Une polita izan da Manuel Lekuonan bizitakoa Maratoia bizirik dagoela eta lasarteoriatarren oso barnean erakutsiz.
Ondoren bideo ikusi ahal izan da, 40 orduak 57 minututan laburtuta. Txalo zaparrada jaso du lanak. Korrika 17ko bideotxoa ere ikusteko aukera izan da biharko berotzeko.
Bertso txapelketa eta kontzertuak
Euskararen 8. Maratoia eta Korrika 18ren aurkezpenaz gain, Lasarte-Oriako bertso txapelketa egin da Korrika kulturalaren barnean, Jalgin. Azken orduko hutsegiteen eraginez, lau bertsolari soilik aritu dira kantuan: Evaristo Pikabea nekaezina, Ane Labaka gazte dohatsua, Imanol Lizardi Maisua eta Miguel Angel Ortiz ikaslea; Pablo Suberbiola gai-jartzaile zutela. Bertso-saio emankorra izan da, besteak beste, Irakeko egoera, Santos Uribe atleta beteranoaren bizitzeko grina edota Korrika bera izan dituzte aipagai.
Lasarte-Oriako bertso txapelketa izaki, Imanol Lizardi eta Ane Labaka aritu dira azken buruz burukoan. "Pausoz pauso" eta "eskuz esku" jarri dizkieta bakarka aritzeko gaitzat, ostean batak besteari puntua jarri behar izan dio eta errematea emateko, hizkuntza gutxitua duten herrialdeen azalean jarri ditu Suberbiolak. Jendeak ederki gozatu du Jalgiko aretoa betez eta ohi bezala, epaileak eurak izan dira, ikus-entzuleak. Anek 12 bozka jaso ditu eta Imanol Lizardik berriz, 9. Hortaz, bertsolari gazteak eraman ditu Korrikaren petoa eta ardo botila bat sari. Azken agurrean, jaso dezakeen saririk onena euskara elkarri ematea dela esanez amaitu du Ane Labaka txapeldunak.
Gaueko ordu txikietara arte berriz, musika izan dugu Okendo plazan, Mendeku Itxua eta Ingo al Deu taldeak izan dira oholtza gainean publiko gazteena sutuz. Gainera, txosna jarri dute Okendoko karpan eta giro polita izan da gautxorientzat. Bihar agian komeriak izango dituzte Korrikan parte-hartzeko!
Korrika 18 bihar Hipodromoko zubitik sartuko da 17:00etan. Hasi prestaketak egiten!!!
Hemen argazki guztiak.

