Solano eta Alvarez txapeldunorde

Txintxarri Aldizkaria 2013ko martxoaren 25a

Intza elkarteko pilotariek asteburu erabakiorra izan zuten. Batetik, II. jubenil mailako bikotea Gipuzkoako finala jokatu zuen ostiralean. Aritz Solano eta Mikel Alvarezek osatutako bikoteak Gailurrerantz elkarteko bikotearen aurka jokatu zuen eta 22 eta 7 galdu zuen. I. jubenil eta kadeteek, berriz, Udaberri txapelketan postu onean geratzeko lehiatu ziren.

Aritz Solano eta Mikel Alvarez osatutako II. juhenil mailako bikoteak final erdietan Eibar garaitu ostean, Intzako bikoteak Gailurrerantz elkarteko bikotearen aurka jokatu behar izan zuen ostiralean Zegaman. Zaldibiko bikotea nagusi izan zen eta Lasarte-Oriako bikotea txapeldun ordetzarekin konformatu behar izan zen.

Aritz Solano eta Mikel Alvarezek Lasarte-Orian jokatutako partida interesgarrian lortu zuten finalerako txartela.

Jose Felix Solano Intzako arduradunak ostirala goizean azaldu zigunez, partida irekia eta borrokatua izango zen, “Gailurrerantzeko bikotea sendoa da. Haien aurka bitan jokatu dute eta batean guk irabazi genuen eta bestean haiek”.

Gailurrerantz elkarteko bikoteak, A. Iraztorza eta A. Elizegik osatutakoak, lehen fasean bost partida irabazi eta bakarra galdu zuen Intzako bikotearen antzera eta final erdian Azkoitia izan zuen aurrez aurre.
Partida borrokatu izan zen eta Zaldibiko bikoteak 22-19 irabazi zion Azkoitiko bikoteari.

Finala
Intzako bikotea ilusioz joan zen partidara. Solanok aipatu zigunez, “ez dakigu zer gertatuko den”.
Gauzak honela, Gailurrerantz elkarteko bikotea gailendu zen finalean.

Partidaren ostean Jose Felix Solanok Zaldibiko bikotearen nagusitasuna onartu zuen, ”lehen bost tantoetan berdinduta joan ginen. Baina, Gailurrerantzeko atzelaria pilota ederki astintzen hasi zen eta ezin izan genuen ezer egin”.

Nahiz eta Intzako bikotea txapeldun orde izan, pozik agertu da ordezkaria, “lehiaketa ederra egin dute eta finalean ere ahal izan zutena egin zuen bikoteak”.

Postuak jokoan
Bestalde, I. Jubenil mailako bikoteak eta kadeteek Udaberri txapelketako postuak jokoan zituzten.
Bi bikoteek Bergararen aurka jokatu behar zuten. Hala ere, kadeteek ez zuten partidarik jokatu Bergarako bikoteak lehiaketa utzi zutelako.

Honela, txapelketako bederatzigarren postuan amaitu zuten. Bestalde, I. Jubenil mailakoek 5 eta 6. postua jokoan zuten jokoan. Lehengo asteburuan Bergaran 22-15 galdu zuten Chiapuso eta Arangurenek osatutako bikoteak eta aste honetan etxean jokatu behar zuten azken partida. Michelingo partidua 22-11 irabazi zutenez, 5. egin dute azkenean Udaberri Txapelketan, 4 tantuko aldeagatik.

Gipuzkoako selekzioarekin
Bestalde, Jose Felix Solanok jakinarazi zigunez, Aritz Solano gaztea Gipuzkoako sekzioarekin lehiatzen izan zen larunbata arratsaldean, trinketeko lurralde arteko txapelketan. Nafarroaren aurka jokatu zuen eta 40-38 galdu zuen partidu eder eta lehiatu baten ostean.