Ezusteko handia jaso zuen larunbatean Enara Fernandez herritarrak bere senideek, bizilagun eta lagunek Buruntz Azpi elkartean antolatutako festa. Enarak aurreko astean eskuratu zuen bere gida Iraitz Etxarrirekin batera Espainiako txapelketa Slalom eta Slalom Gigante probatan denbora onena egin ostean. Bi txapeldunentzat festa antolatu zitzaien eta euren lorpena behar bezala ospatzeko.
Enarak Landaberrin ikasten du eta 11 urte ditu. Iaz hasi zen lehiatzen IK-ONCE taldearekin. Enarak oraindik oso gutxi bada ere, zerbait ikusten du eta B2 taldean lehiatzen da, izan ere, ikusmen graduen araberako hiru multzotan banatzen dira lehiak. Kataluniako txapelketa irabazi zuten lehenengo, ondoren Ezcarayn izan ziren txapeldun eta Madrilen, Espainiakoa eskuratu aurretik.
Hala ere, Iraitzek esan bezala azken hau ez zuten espero "Enara infantil mailan lehiatu behar da eta txapelketan bera baino nagusiagoak zirenekin aritu zen, jubenilekin 15 eta 18 urte artekoak". Garaipena beraz "ez genuen inolaz espero". Lehen urtea izan da Iraitzentzat ere eta oso pozik daude egindako lanarekin "ezin da gehiago eskatu, lehenengo postutan izan gara eta hurrengo erronka maila mantentzea izango da".
Enara pozik
Gaztetxoari larunbatean erosketa batzuk egitera joan behar zuela esan eta Buruntz Azpira eraman zuten, bertan zain zituen lagunak eta senideak. "Jende asko zoriondu nau eta ez nuen espero festa".
Enarak garaipen honekin helburu guztiak bete ditu eta oporraldia izango du orain. Hala ere, txapelketak amaitu arren, Alpetara irteera bat antolatzen du ONCEk eta bertan parte hartzeko asmoa dute "hemen elurra desagertzen doa eta denboraldia amaitzen da". Lehenengo urtea da elkarrekin egiten dutena "hasieratik oso ondo moldatu gara elkarrekin lan egiten eta konfiantza izatea funtsezkoa da kirol honetan emaitzak lortzeko, gida eta eskiatzailearen arteko komunikazioa erabatekoa behar du izan".
Gidak dionez, "Enarak ez du prestaketa berezirik egin behar denboraldia amaitu eta hasi bitartean, nik ordea entrenamenduarekin jarraitu behar dut, forman egoteko".
Bi herritarrentzat hunkigarria izan da herrian jasotako harrera eta eskertu nahi izan dute.
