Aurrekontu hauen ezaugarri nagusiak gizarte zerbitzu indartsu batzuk bermatzea eta gastu sozialean inbertitzea izan da. Oinarri hauetatik abiatuta, landutako ildoak jarraian aipatutakoak izan dira.
Etxebizitza oinarrizko eskubidea izan beharrean “arazo latza da”, honen aurrean irtenbide bat ematen saiatu da udala eta dituen “ahalmen gutxiekin”. Udalak 3 milioi euroko balioa duten etxebizitzak alokairu sozialean eskainiko ditu datozen urteetan. Zabaleta Berriko urbanizazioan udalari dagozkion 20 etxebizitzak ez ditu salduko, horrek suposatuko lukeen diru sarrera potoloa “galduz”, udaleko ondarean mantenduko dira ondoren alokairu sozialean emango dira.
500.000euro inguru “gizartearen beste sektore ahul bati laguntzeko bideratu ditugu”, hain juxtu zaharrenei. Horrela Jubilatuen etxean hainbat hobekuntza, konponketa egiteaz gain, iaz ezin gauzatu gelditu zen Atsobakar egoitzako altzarien berrikuntza egingo da eta hauek erosteko erabiliko da diru partida.
Enplegua indartzeko berriz, 94.000 euro aurreikusi dira. Horrela herriko merkataritza sustatzeaz gain, bestelako ekintzak bideratuko dira enplegua sortzeko.
Aspaldiko konpromisoak
Kirol arloan aipagarria, mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta igerilekuan sartzeko garabi berezia jarriko da. Gainontzean, “auzoetan aspaldiko bi konpromiso beteko ditugu”, batetik Zabaletako auzo elkartearentzat lokala eta bestetik, iaz egin gabe gelditu zen, Blas de Lezo inguruko urbanizazioa.
