Kultura saileko arduradunek azpimarratu nahi izan dute lehenengoz, familia ikastaroak antolatzearen garrantzia. Hauek guraso eta haurren arteko harremana sendotzeko helburuarekin antolatu dira eta gai ezberdinak lantzeko aukera ematen dute, sukaldaritza, birziklapena, ipuinak edo lehen sorospenak, besteak beste.
Saio hauek hiru adin tarte ezberdinetan banatu dira 0-6 urte bitarteko haurrekin egin daitezkeenak, 4 urtetik gorakoentzako saioak eta azkenik 6 urte baino gehiagokoei zuzendutakoak. Horietako saio bat, "Sexualitatea familian" izenarekin gurasoei zuzendutakoa da.
Ikastaro hauek larunbatetan izango dira Manuel Lekuona kultur-etxean eta haur bakoitzarekin gurasoetako bat egon beharko duela jakitera eman dute antolatzaileek.
Ikastaroak denentzat
Bestalde, 14 urte baino gehiago duten herritarrentzat hainbat aukera daude gazteria eta kultura saileko ikastaroen artean. Baratza balkoian, "honekin landareez osatutako mundu txiki bat gure etxean edukitzea lortuko dugu. Hau lortzeko nahikoa da leiho edo balkoia edukitzea, bertan lurrez betetako loreontziekin gero hazi batzuk eta mimo pixka bat besterik ez zaio faltako. Honela belar usaintsuak, barazkiren bat eta apaingarriak diren landareak lore jangarri eta guzti edukiko ditugu".
Streching luzaketak egiten ikasteko saioak, giharrak nola erlaxatu etab., serigrafia, free style dantza, gitarra, henna tatuajeak, gidoigintza, oinarrizko lehen sorospenak edo zeinu mintzaira ikastaroa daude eskaintza honen baitan. Hauek Gaztelekuan eta Manuel Lekuonan eskainiko dira.
Ikastaroetan izena eman nahi dutenek www.lasarteoriasarean.eu orrialdean edo Gaztelekura hurbilduta egin ahal izango da apirilaren 5an baino lehen.
Aipatutako Familia ikastaroak doakoak dira baina besteetan erroldatuek 27,35 euro ordaindu behar dituzte eta erroldatuak ez daudenentzat berriz 48,16 euroko kostua izango dute.
