Garaiari egokitutako aurrekontua

maider-azurmendi 2013ko apirilaren 8a

Inbertsio handirik gabeko aurrekontua aurkeztu du 2013rako udalak. Zerbitzuak mantentzearen aldeko apustua egin du eta alokairu soziala sustatzeko 20 etxebizitza eskuratuko ditu Zabaleta Berrin. Ez da eraikin handirik egingo baina Atsobakar zaharren egoitzeko altzariak berrituko dira eta Blas de Lezoko urbanizazioa egingo da.

Pablo Barrio alkatea eta Estitxu Alkorta 2013ko aurrekontuen aurkezpenean.
Aurrekontuak egiterako garaian oinarriak garbi izan dituztela azaldu zuen Pablo Barrio alkateak, “krisiak gogor kolpatu du gure herria eta herritar asko ari dira gaizki pasatzen”. Hau dela eta apustua, “ezkerreko ikuspegi batetik”, gizarteko ahulenengan inbertitzea izan da. Ikusgarritasunik urrun kokatzen direla azpimarratu du alkateak, hau da, “ez dago eraikuntza berririk egiteko asmoa ezta inbertsio deigarririk egiteko”.

Aurrekontu hauen ezaugarri nagusiak gizarte zerbitzu indartsu batzuk bermatzea eta gastu sozialean inbertitzea izan da. Oinarri hauetatik abiatuta, landutako ildoak jarraian aipatutakoak izan dira.

Etxebizitza oinarrizko eskubidea izan beharrean “arazo latza da”, honen aurrean irtenbide bat ematen saiatu da udala eta dituen “ahalmen gutxiekin”. Udalak 3 milioi euroko balioa duten etxebizitzak alokairu sozialean eskainiko ditu datozen urteetan. Zabaleta Berriko urbanizazioan udalari dagozkion 20 etxebizitzak ez ditu salduko, horrek suposatuko lukeen diru sarrera potoloa “galduz”, udaleko ondarean mantenduko dira eta alokairu sozialean emango dira.

500.000 euro inguru “gizartearen beste sektore ahul bati laguntzeko bideratu ditugu”, hain juxtu zaharrenei. Horrela Jubilatuen etxean hainbat hobekuntza, konponketa egiteaz gain, iaz ezin gauzatu gelditu zen Atsobakar egoitzako altzarien berrikuntza egingo da eta hauek erosteko erabiliko da diru partida.

Enplegua sustatu eta indartzeko asmotan berriz, 94.000 euro aurreikusi dira. Horrela herriko merkataritza sustatzeaz gain, bestelako ekintzak bideratuko dira enplegua sortzeko.

Aspaldiko konpromisoak
Kirol arloan aipagarria, mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta igerilekuan sartzeko garabi berezia jarriko da.

Gainontzean, “auzoetan aspaldiko bi konpromiso beteko ditugu”, batetik Zabaletako auzo elkartearentzat lokala eta bestetik, iaz egin gabe gelditu zen, Blas de Lezo inguruko urbanizazioa.
Hauek herriaren parte hartzetik sustatutako erabakiak direla azpimarratu zuen alkateak agerraldian eta aurrerantzean erabaki guztietan herritarren iritziak jaso eta inplikazioa lortzea bideratuko dela adierazi zuen “denen parte hartzearekin herria demokratikoagoa egiten”.

Diru sarrera gutxi
Estitxu Alkorta Ogasun batzorde buruak aurrekontuak beti sarreren arabera mugatuta daudela aipatu zuen. “Gure kasuan sarrerak ez dira oso handiak eta gainera errealitatera egokitu dira”. Abiapuntua hau izanda “aurrekontu zuhurra egin da, iaz bezala”.

Sarrera horien baitan arreta berezia jarri da Aldunditik iristen diren diru sarreretan “askotan esan dugun bezala, orain arte gertatu da Aldundiak egindako aurreikuspena txarra izan dela eta urte bukaeran diruaren parte handi bat bueltatu behar izan diogula udalek” hori gertatzekotan aurrekontuetan ahalik eta gutxien nabaritu dadin, sarreretan diru gutxiago hartu da kontutan. “Ondoren gehiago sartzen bada hobeto baina ziur jakin gabe diru hori edukiko dugula ez dugu kontutan hartu nahi izan. Iaz ere hala jokatu genuen”.

Mailegurik ez
25 milioiko aurrekontua izango du udalak eta inbertsioak aurrera eramateko mailegu bat hartzea aurreikusten da. Hala ere, 2012ko urtea nahikoa soberakinarekin bukatu da eta “ziurrenik” ez da mailegua eskatuko hala ere, “aurreikusita dago behar izatekotan eskatzeko eskumena izateko” azaldu zuen Alkortak.
Aldundiaren rekaudazioa baxua denez, udalei egokitzen zaie Foru funtseko dirua itzultzea. 2009an Aldundiak Lasarte-Oriako udalari 2 milioi baino gehiago itzuli behar zituela adierazi eta “nolabaiteko zorra kitatzen joan gara bi urte hauetan”, 2010ean moratoria bat egon zen, ez zen ezer itzuli behar izan, baina udal guztiek euren zorra 2011, 2012 eta 2013 urteetan kitatzeko konpromisoa hartu behar izan zuten.
Lasarte-Oriaren kasuan, 2011 eta 2012ko zorra kitatu duela adierazi zuten eta 2013ko zatiari dagokionez, “zorrik handitu gabe gastuari aurre egiteko moduan dago Udala”.

Aldundiarekin dagoen zor hau guztiz kitatuta, 2014rako aurreikuspenak hobeak dira, izan ere “diru gehiago izango da inbertsioetarako”.

Gastuei erreparatuta aurten, %26a soldatak 6 milioi euro, %43 zerbitzuak mantentzeko gastuak dira 10 milioi euro eta ondoren %7, 1.760.814 euro diru laguntzetan. “Pasibo finantziero bezala eskatuko genukeen maileguari dagokio, aipatu bezala ziurrenik eskatuko ez dena”.

Inbertsioak
Inbertsiorako 4 milioi euro aurreikusi dira aurrekontuen %17. Zati handiena Atsobakarreko altzariak, 500.000 euro eta Zabaleta Berriko 20 etxebizitzak eta garajeak eskuratzea bideratuko da, “ez du sarrerarik eragingo momentuan baina alokairuan banatzen direnean sortuko dute”.

Udaletxe berrirako altzariak erosteko bigarren partida dago aurreikusita, izan ere, aurten bertara mugitzeko asmoa dago eta hirigintzan, Blas de Lezoko urbanizazioak hartuko du beste zati garrantzitsu bat.

Zabaletako auzo elkartea, Gaztelekua hornitzeko, udaletxeko hobekuntza informatikoak egiteko, partida txikiagoak daude ere Azkorteko bidea konpontzeko edota 5. edukiontzia jartzeko. Azken gastu hau “Mankomunitateak hartuko du bere gain”.

Gainontzean aurtengo bideari jarraiki “herriko luminariak aldatzen jarraituko da kontsumo gutxikoengatik etab.”

Zuhurtziaz jokatu da zorra ez handitzeko helburuarekin eta lehentasunak zeintzuk diren hasieratik kontutan hartuz Estitxu Alkortak azaldu moduan.
Honekin aurtengo aurrekontuak finkatuta 2014koetan lanean hasteko moduan dira.

“Lasarte-Oriako udalaren kontuak saneatuak dira”

Bigarren aurrekontuak dira udal gobernuan. Muga asko izan al dituzue?
Mugak ditugun sarrerak dira, horiek mugatzen dute gastatu beharrekoa. Aurreko urteetan udal honek izan dituen sarrera handienak izan dira hirigintzatik etortzen zirenak eta hortik egin dira gastuak. Horiek kenduta zer gelditzen zaigu? Herritarrek ordaintzen dituzten zergak.

Kasu honetan gure politika beti izan da herritarrak gehiago ez estutzearen aldekoa eta hau dela eta KPI-aren igoera soilik aplikatu da udal tasetan azken urteetan. Ez ditugu zergak igo nahi eta horrek eragiten du ere sarrerak txikitzea kasu batzuetan baina ez dugu zama hori herritarrengan utzi nahi. Muga handiena beraz, sarrerena eta horrek baldintzatzen du gastua.

Bestetik, udal gobernuan sartu eta aurrekoak utzitako beste muga batzuekin aurkitu gara. Adibidez udaletxe berria hornitu eta gerora suposatuko duen gastuak kudeatu behar izan ditugu baita Gaztelekuarenak ere.

Madrilen ezarritako murrizketa politikak eragina izan al du?
Baita, hori da kudeatu behar dugun hirugarren oztopoa edo. Madrilen adostutako neurri zorrotzak bete behar ditugu. Muga hauek guztiak kudeatu behar ditugu.

Ahalmen gutxi orduan…
Aipatutako zailtasunak kudeatuta, gure helburuak zerbitzuak mantentzea izan da eta geratzen zaiguna herriarengan inbertitzea.

Inbertsiorako gutxi?
Beno, nik beti berdina esaten dut, Udaletxea norberaren etxea izango balitz bezala kudeatu behar dugu. Hau da, orain krisi ekonomiko egoera honetan familiek etxeko gastuak diru sarreretara ondo egokitzen dituzte, ezta? Beraz orain ezin bada ordaindu ez dut komuna, teilatua… aldatuko, aurrerago egingo dut. Ba Udaletxean berdin. Orain ezin bada hurrengo batean egingo da. Lehentasunak adostu eta premiazkoak direnak egiten joan. Jendea bere etxean dagoen egoera berdinean gaude, hori herritarrek ulertzea gustatuko litzaidake.

Jarrera berdina dugu zorren aurrean, hauek amortizatzea da gure helburua eta erabakia, ez handiagoak egitea. Izan ere, jakin badakigu maileguak eskatuta hainbat gauza egiteko gai izango ginela baina hauek zorra areagotzen dute, erabakia izan da bide hau ez hartzea udal kontu saneatuak izateko.

2014ko aurrekontua hobea izango da?
Aipatu bezala kontuak garbi utziko ditugu aurten Aldundiarekin eta horrek noski eragina izango du. Honekin batera Atsobakarreko kudeaketa Aldundiak agindu bezala, bere gain hartzen badu, gastu murrizketa garrantzitsua suposatuko du Udalarentzat. Honi gehitzen badiogu Udaletxea eta Gaztelekuko altzarietan ez dela gastatu beharko, inbertsio handiagoak egiteko moduan egotea espero dugu.

2013ko aurrekontua martxoan onartu da, 2012koak maiatzean. Oposizioak hau gogor salatu du.
Bai iaz berandu aurkeztu zen baina aurkeztea zen garrantzitsuena. Gogoratu behar da 2008tik ez zela aurrekonturik egiten. Kanpoko enpresa bat kontratatu zen laguntza emateko eta hau ere leporatu zitzaigun. Enpresa honek aurretik zegoena txukuntzen lagundu zigun prozesua bizkortzeko. Hala ere, maiatzean aurkeztu genituen lan handia egin ostean. Kontratazio hau egitea erabaki zen bertako teknikarien lan karga oso handia zelako.

Aurtengoak egiteko lana ere handia izan da baina ondo bideratu dela uste dut. Lan karga handia da eta dagoeneko 2014koak prestatzen berehala jarri behar garela ikasi dugu, legeak hala eskatzen duelako eta atal bakoitza kudeatzeko lagungarriak izango dira ere.

Adostasuna egon da ildo nagusiak ezartzerakoan?
Zirriborroa hilabete lehenago eman zitzaien alderdi guztiei euren proposamenak jasotzeko asmoarekin. Epe hau pasata ez zen proposamenik jaso eta batzordera asko izan ziren aurkeztutako emendakinak, hauen artean kopuru garrantzitsu bat onartu zen, PP-ren kasuan adibidez gehienak onartu zitzaizkion PSE-EE-ri batzuk. Hala ere, plenoan PSE-EE-k bere osoko zuzenketa aurkeztu zuen.

Gu adostasuna bilatzeko prest gaude beti eta eskuzabalak izan garela uste dut, informazio guztia denbora nahikoarekin pasa zaie alderdiei.

Gizarte zerbitzu onak mantentzea lehentasuna izan da. Zergatik?
Aipatu bezala herrian langabezia arazo larria da eta hauen lana indartzea beharrezkotzat jo dugu. Horrekin batera alokairu soziala sustatzeko ahalegina egin nahi izan da Zabaletako 20 etxebizitza horiek hartuta.
Enpleguari begira eskualdeko planaren barruan gaude eta gure esku dauden tasetan aldaketak egitea lantzen ari gara hau da, merkataritza sustatzeko edota enpresa berriak erakartzeko baliagarri izan daitezkeenak. Udalen eskumenak murritzak dira esparru honetan.

Gure helburua zerbitzuak mantendu eta inbertsioak aktibatzea da. Inbertsio horiek ekarriko dute etorkizunean lanpostuak mantentzea eta berriak sortzea besteak beste.


Murrizketak egin al dira Udaletxean?
Murrizketak egin dira. Lan egiteko moduak aldatu dira eta horri esker lortzen ari gara gastua murriztea.
Udalak enpresa batzuekin kontratazio potenteak ditu adibidez FCC-rekin. Kontratu hauek urte batzuetarako sinatuta daude eta nolabait lotuta zaude hala ere, eurekin negoziatu egin dira prezioak eta lortu da kasu batzuetan urteko igoera ez egitea edota prezio berdinagatik adostu da espazio berrien garbiketa, mantenua... Orain dena lizitazio bidez kontratatzen da eta egun aurkezten diren enprsek prezioak asko ajustatzen dituzte. Argia, telefonoa… gastuak txikitu dira.

Zinegotzien soldatak asko murriztu genituen eta neurriak eragin positiboa izan du.

Beraz pozik zaudete udaletxearen egoera ekonomikoarekin?
Bai, bizi dugun garaian Lasarte-Oriako udalaren kontuak saneatuak dira, langileen soldatak zein zerbitzuak mantentzeko moduan gara, zorra gutxitzen ari gara eta Aldundiari itzuli beharrekoa aurten kitatuko dugu, guztia zergak eta tasak igo gabe.