Maiatzean emango du Posturologia ikastaroa Gloria Crespok. Ordu eta erdiko lau saio izango dira eta beraz partaideek teknika hau zer den ezagutuko dute. Gloriak esan digunez, zertzelada batzuek izango dira, gure ohitura txarrak zuzentzea ez da eta horren erraza: “Derrepentean gorputzari ondo jartzeko esan arren, berak bere konpentsaketak egiten ditu, beraz prozesua pixkanaka egin behar da eta oreka ez da momentu batetik bestera iritsiko”.
Oso garrantzitsua da Gloriaren ustez gure joerez jabetzea, eta horren kontziente izatea. “Gorputza hobetzen badugu, organoek hobeto funtzionatuko dute eta gure energia orekatuko da".
Zergatik da interesgarria Gorputz Jarreraren Heziketa ikastaroa?
Niretzat ere berria da soinketa metodo hau. Beste moduekin alderatuz gero, gauza asko antzekoak dira arlo batzuetan, baina, praktikatzerakoan ez dira berdinak. Hau berezia da.
Zergatik da bada bitxia?
Metodologia aldetik, nire klase guztiak erlaxazioarekin hasten ditut. Oso garrantzitsua da arnasketen bidez, gorputzari poliki poliki, estresa kentzea. Gure gizartean alteratuak gaude, gure onetik aterata, beti lanean, korrika eta presaka... eta oso inportantea da lasaitzea, gure gorputza nabaritzea. Beti horrela hasten gara. Kontzientzia hartu behar da klasean gaudela, lana eta beste eguneroko kontuak ahaztu.
Gero auto-masajeak landuko ditugu, bakoitzak berari edo material batzuekin, bestela, eta azkenik luzamenduak egingo ditugu. Gihar kateak lantzen ditugu. Gure gorputzean lotuta daude giharrak. Izterreko giharrak lantzean, ez dira soilik horiek luzatzen, baizik eta beste hainbat, lepokoak ere bai. Bukatzeko berriro kontzientzia hartu behar da, klasean landu diren aldaketak nabaritzeko eta sentitzeko. Ikasketa bat izan behar du buruarentzat, arnasketekin hasten garenetik jardun osoa.
Zergatik deitzen da bada posturologia? Posturak garrantzia dute?
Bai, etengabe gaude bizitzan postura batzuetan, berdin da eserita, zutik edo lo egiteko etzanda. Ordenagailuan lanean zaudenean, posible da luzamendu batzuek egitea. Besoak lepoa eta sorbaldak kargatzen dira, eta badaude ariketak gero hobeto egoteko.
Beraz postura egokiak zeintzuk diren erakutsiko duzu?
Bai, parte hartzen dutenek eskatzen baldin badute bai. Klasea praktikoa izango da, ikasleek gauzak ikustea gustatzen zait. Adibidez lo egiteko postura egokia erakutsiko dut. Garrantzitsua da nola jarri hasieran, gero mugitu egingo bagara ere. Egokiena fetu-postura da, eta burkoa sorbaldan, lepoa ez dadin oker egon. Ikusi behar da bizkarrezurra zuzen, lerrokatuta dagoela. Ez da berdina, buruz gora lo egiten baduzu. Almohada oso handiak txarrak dira. Gure kurba naturalak zaindu behar dira, azkenean lepoaldeko eta gerrialdeko ornoak handitzen dira, eta azkenean burua edo sabela aurreraka daramagu. Eta ez da tripa handia, baizik eta postura txarra. Zuzendu egin behar da. Esperimentatu egin behar da.
Jarrera edo posturen irakasle edo hezitzaile, ez da oso arrunta?
Gero eta pertsona gehiago egiten ari da, baina ez da arrunta. Bizkarrezurrean daukadan arazo bat dela eta ezagutu nuen posturologia, eta oso pozik nago. Arazoren bat badaukazu, zure aukerekin, zure arazoa konpontzeko baliabideak ematen dizkizu.
Eta ez da bakarrik arazoren bat duenarentzat, edozeinentzat da ona.
Ia denok eduki dugu bizkarrezur, sorbalda edo lepoan minen bat gure bizitzan. Ikasketa bat besterik ez da, baliagarria gero arazoak iristean hobeto egoteko. Ikasketak oso inportanteak dira, baina sarri gertatzen da, gero alperrik izatea edo ez erabiltzea. Hau, aldiz, behin edo behin ziur erabiliko duzu.
Zenbat urte horretan?
Duela lauzpabost urte hasi nintzen. Formakuntza egin nuen, eta orain ikastaroak ematen ditut. Medikuntza alternatiboa da. Tailandiako masaje edo akupuntura bezala. Eta emaitza oso onak ditu.
Normalean min edo arazoak daudenean, beste tratamenduek hutsegitean jotzen da honetara?
Ez zait gustatzen hori. Uste dut edonorentzat dela ona.
Inportantzia handia al du posturak osasunean...
Azken finean, gure bi aldeak orekatu behar ditugu, eskuin eta ezkerreko aldeak mugikortasun aldetik ondo egotea da gakoa. Normalean bakarrik alde bat mugitzen dugu asko.
Okerrak erraz zuzentzen al dira?
Pertsonaren arabera da hori. Bakoitza mundu bat da. Hitzak ere garrantzia dute, konnotazio ezkorra duten hitzak ez dira erabili behar, esaterako “hau ezinezkoa da”. Hori esaten duenak etsi egiten du, ez da ezertan saiatuko. Hitzek bere eragina daukate. Beraz, gorputza oso inportantea da, baina kontzientzia ere bat, eta nik horri buruzko zertzelada batzuek ematen dizkiet ikasleei. Pentsatu dezaten.
Harrera ona al daukate ikastaroek?
Bai. Beste ikastaroetan daudenek balorazio onak egin dituzte, hobeto aurkitzen direla edo minak joan zaizkiela esan didate.
Horrelakoetan poza hartuko duzu...
Bai, hor nabil beti kontzientzia lantzen. Min asko psikologikoak ere badira. Gaur egun asko. Ikasleei klase hasieran “zer moduz?” galdetzen diet, agian batek buruko mina dauka, eta. erlaxazioaren edota luzamenduen ondoren ez daukala esaten dit. Gauza batzuek oso errazak dira eta komenigarria da praktikatzea. Ez da bukatzen gainera klasean, ikasleak hor dauzka tresnak, gero etxean egitea ere posible da eta garrantzitsua ere bai, hobekuntzak izateko.
Ikastaroak ematea, zu bezalako euskaldun-berriarentzat erronka berria eta handia da ezta?
Bai, gainera ez daukat euskaltegira joateko denborarik, eta nabaritzen ditut zailtasunak, baina praktikatzen dut.
Segur aski euskaltegian baino gehiago ikasiko duzu...
Hori bai.
Ikastaro asko eman al dituzu?
Bai ordezkapenak ere egin ditut. Pilates eman nuenean esan nien nire metodoa emango nuela eta galdezka etorri ziren zer zen hori. Malgutasuna lortzen dute pixkanaka, baina gure gorputzaren konpentsaketak ikusi behar dira. Esaten dute “hobeto luzatzen ditut hankak”, baina nola ote dago beraien lepoa. Agian sufritzen ari da. Arreta jarri behar da.
Euskaraz ematen duzun bigarren ikastaroa da?
Bai, Leitzan eman nuen eta bigarrena izango da Lasarte-Oriakoa
Garbi dago baliagarria izan zaizula solaskide programa...
Bai asko lagundu dit. Oraindik hor dago nire solaskide eta laguna. Elkartzen gara eta ezagutzen du posturen teknika. Ia ia aditua da jada. Horren kontzientzia hartu du, konturatzen da.
Ttakunek antolatuko duen ikastaroa nolakoa izango da?
Maiatzean egingo da segur aski, lau saio ordu eta erdikoak, izenak Ttakunen emango dira. Interesa dutenek, posturologia ezagutzeko modua izango dute, ez dago askoz gehiagorako denborarik. Ni urte osoko kurtsoa egiten ari naiz, beraz ordu eta erdiko lau saiotan ezingo dugu dena ikasi. Zertzelada batzuek izango dira, "Toma de contacto" bat.
Ba al daude oinarrizko posturaren batzuek?
Bai badaude. Gero kasuak ikusi behar dira, ezin da orokortu. Horiei esango diet etxean zein landuko duten.
Osasun arazorik ez duten pertsonentzat ere garrantzitsua da ikastaroan erakutsiko den teknika. “Posturaren arabera, alde batera begira edo bestera begira bagaude, alde bateko edo besteko organoek eragina sufrituko dute eta ezingo dute bere funtzioa berdin egin. Aldiz, zuzen bazaude denak hobeto funtzionatuko du. Gure gorputza hobetzen badugu azkenean hobetzen dugu dena, gure barruko organoak eta erabiltzen dugun gure energia ere orekatu egingo da.
Beti, ikasi dugu metodo onena egitea zela, eginez eta eginez ikasten genuen korrika, zenbat eta gehiago egin hobeto sentituko naiz, hori sartu digute, baina korrikalariak lasaitzeko arnasketak egiten ez daki, asko kostatzen zaie, eta azkenean horrek funtzionatzen du hobeto. Ondo arnastea ezinbestekoa da eta korrika egiterakoan postura egokia ere bai. Lagun batzuek barne-zola edo plantillak behar dituzte korrika egiteko, baina luzamenduak ez dituzte egiten, “Badakit onak direla” esaten dute, baina egin ez.