Ohiko udalbatzarra arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 9a

18:30ean hasiko da ohiko udalbatzarra. Gaurko gai zerrendan kale izendegi proposamena eta besteak beste PPk hondakinak berziklatzearen aldeko mozioa izango dute alderdiek eztabaidagai.

Martxoan 2013ko aurrekontuak onartzeko batzarra.
Hilabeteroko hitzordua izango dute gaur udala osatzen duten alderdiek. Ohiko udalbatzarra 18:30ean izango da eta gaurko gai zerrendan bost izango dira eztabaidatzekoak.

Lehenik eta behin kale izendegiaren proposamenaren alde edo kontra bozkatu beharko dute. Ondoren, hirigintza atalari dagokion “prozeduran atzera egitea Teresategi Hegoaldea HIEan plangintzako arau subsidiarioak puntualki aldatzeko dokumentuan”. Honekin jarraituz, Lasarte-Oriako Plangintza Urbanistikorako aholku batzordearen erreglamendua aldatzeko proposamena bozkatu beharko dute zinegotziek. Bozeramaileen Batzarrak aurrez onartu izanik Udalbatzarrean azalpenak eman ahal izango dituzte alderdiek Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioaren inguruan.

Birziklapenaren alde
Azkenik PP-ko Vanesa Velezek aurkeztutako “Lasarte-Orian birziklatzeko zakarrontziak jartzeko helburuarekin” mozioa eztabaidatuko dute. Honetan bi eskera jasotzen dira, batetik udalak plan berezi bat garatu eta egun dagoen zakarrontzi eredua baztertuta, birziklatzeko balioko duen beste eredu bat egitea, “hondakinak jatorrian bereiz ditzagun” eta bestetik, udalak bere eraikin guztietan birziklatzeko ekintzak burutzeko konpromisoa hartzea.

Horrela gai zerrendarekin amaituta, galdera eta erreguen txanda izango da. Tarte honetan herritarrek hitza hartzeko aukera dute.