Hamar minutuko atzerapenarekin hasi arren, ohiko udalbatzar lasaia izan da gaurkoa. Lehena hitz hartzen EAJko Boris Nogales izan da, honek parte-hartze sailarekin landutako kale izendegiaren proposamena aurkeztu du. Horrela herritarrek gehien bozkatu dituzten izen berriak, San Pedro Elizaren atzeko plazarentzat, Elizatze izan da eta Loidi-Barreneko Babes Ofizialeko etxebizitzen aurreko plazarentzat Tximistarreta. Aho-batez onartu dira izen berri hauek.
Ondoren, Nerea Sanchezek hirigintza atalari dagokion “prozeduran atzera egitea Teresategi Hegoaldea HIEan plangintzako arau subsidiarioak puntualki aldatzeko dokumentuan”. Lur hauek industriarako berrizendatzea zen plangintza horretan aurreikusten zena eta Bilduko zinegotziak honetan atzera egitea proposatu die alderdiei garai honetan beharra ez dagoelako argudiatuta besteak beste. PSE-EE, PP eta Marisa Zubirik kontra bozkatu arren aurrera atera da prozesuan atzera egitea eta PSE-EEko Zaballosek gogor salatu du erabakia "Herrian lur gutxi dago eta industriarako erabilpena ez ematea hanka sartze bat dela iruditzen zaigu, horrela ez dugu herrian industria sortuko, ez da enpresarik etorriko eta ez dugu lan posturik sortuko". Nekazal lurrak mantentzea ere beharrezkoa dela erantzun dio Sanchezek.
Honekin jarraituz, Lasarte-Oriako Plangintza Urbanistikorako aholku batzordearen erreglamendua aldatzeko proposamena bozkatu dute zinegotziek. Hirigintzako zinegotziak hartu du hitza proposamen hau egitearen arrazoiak azalduz "batzorde honetan udal alderdi eta teknikarien presentzia dago soilik eta hankamotz geratzen zela iruditzen zitzaidan, herriko beste elkarte eta eragileei honetan parte hartzea beharrezkoa ikusten dut" PP eta PSE-EEren abstentzioekin aholku batzordea irekitzearen aldeko proposamena onartu da.
Frankismoaren krimenak
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioa alderdiek puntuz puntu bozkatu dute PPk eskatuta eta gainontzeko alderdiek onartuta. Horrela udalaren atxikimendua jaso du dokumentuak sei puntuen artean azkeneko bitan, Bilduren aldeko eta beste alderdien abstentzioa jaso arren. PP eta PSE-EEko ordezkariek azaldu dutenez "ez gaude ados testuan erabiltzen den hizkuntza, erredakzioarekin". Hala ere, kereilaren ideia nagusiekin bat egiten zutela adierazi nahi izan dute.
Zakarrontzi berriak
Azkenik PP-ko Vanesa Velezek aurkeztuta, herrian birziklatzeko zakarrontziak jartzeko erabakia hartu dute aho batez alderdiek. Mozioan bi eskera jasotzen ziren, batetik udalak plan berezi bat garatu eta egun dauden zakarrontzi eredua baztertuta, birziklatzeko balioko duen beste eredu bat egitea, “hondakinak jatorrian bereiz ditzagun” eta bestetik, udalak bere eraikin guztietan birziklatzeko ekintzak burutzeko konpromisoa hartzea.
Honekin kalean dauden zakarrontziak aldatu eta gaika birziklatzea ahalbidetuko duten ontziak jartzea begi onez ikusi dute alderdiek. Herriko eraikin publikoetan ere halakoak jartzea eskatu du PPko zinegotziak.
Bukatzeko erregu eta galderen txandan, PSE-EEko Zaballosek hainbat galdera egin dizkio gobernuari Atsobakarreko lanen inguruan besteak beste. Hauek bukatuta daudela azaldu dio Gorka Lizarragak "sukaldeko ekipamendua osatzea falta da soilik".
