Taxio Arrizabalaga Gazteria eta Festak batzorde buruak teknikariekin batera aurkeztu ditu Maketa eta Kartel lehiaketak.
“Bi lehiaketa hauek, modu batean edo bestean, gure herriko jaiekin erlazioan dauden lehiaketak dira. Maketa lehiaketako irabazleak herriko jaietan kontzertua eman ohi du, sariaren parte bezala eta kartel lehiaketaren helburua berriz, hauei irudi bat jartzea da”.
Horrela Maketa Lehiaketan parte hartzeko baldintzak azaldu zituzten eta zinegotziak gogoratu nahi izan du dagoeneko epea zabalik dagoela eta maiatzaren 4a bitartean bidali ahal izango direla lanak musika@lasarteoriasarean.eu helbidera.
Oinarriak udaletxeko weban daude eskuragarri baina funtsean, kontutan hartu beharrekoak izango dira formatu komertzialean lanik argitaratu ez duten taldeak izatea, edozein musika mota onartuko da eta hiru abesti aurkeztu beharko dituzte “epaimahaiak balora ditzan”.
Berrikuntzak
Sarietan berrikuntza nagusi bat dagoela azpimarratu nahi izan du Arrizabalagak. Orain artean bi sari mota ezberdin ematen ziren, sari orokorra edo lehen saria, eta Lasarte-Oria saria, taldekideen %50 herrian erroldatuta zuten taldeek hartzen zuten parte modalitate honetan.
“Aurten, hauek mantentzeaz gain, beste bat ere gehitu diogu Euskara Saria. Euskaraz abesten duten taldeei zuzenduta”. Azaldu duenez, sari berriaren helburua “garbia da, euskararen normalizazioan bidea egiten jarraitzea, eta euskaraz abestera animatzen diren taldeei babes bat gehiago ematea”.
Irabazlearentzat 1.000 euro, Lasarte-Oria saria 700 euro eta Euskara saria 500 eurotakoa izango da.
Epaimahaia osatzeko, kideen arteko paritatea mantentzeko saiakera berezia ere egingo dela aurreratu du.
Festetarako irudia
Maketa lehiaketarekin batera jaietako kartela hautatzeko lehiaketa ere aurkeztu da. Lanak aurkezteko maiatzaren 15a izango da azken eguna.
Baldintzei dagokionez, teknika librea da, modu digitalean zein eskuz aurkeztu ahal dira lanak, nahi adina lan aurkeztu ditzake pertsona berberak eta “bete beharreko baldintza bakarra kartelean San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2013 esaldia txertatzea da, eta noski oinarrietan eskatutako neurrietan lana aurkeztea”.
Kasu honetan saria bakarra da 350 eurotakoa. “2012 urtean bezala erakusketa publikoa egingo da aurkezten diren lanekin herritarrek haien iritzia eman dezaten”. Herritarrek Internet bidez ere bozkatu ahal izango dute “baina erabakia ez da loteslea izango” Gazteria eta Festak batzordeak izango du azken hitza ”beti ere herritarren iritzia kontutan hartzeko konpromezua hartzen dugularik”.
Azkenik, herritar guztiei bi lehikaeta hauetan parte hartzeko deialdia egin du Gazteria eta Festak saileko buruak.
