Joan den urtean Athletic taldeari gorazarre egitea otu zitzaidan zutabe honetan bertan. Egundoko denboraldia egin zuen eta nahiz lasartear askok ikusi ere ezin duten, han joan ziren burura etorri zitzaizkidan hitz guztiak lasai ederrean.
Pentsatuko duzue lagunartean entzun behar izan nituenak hura argitara eman zuenean Txintxarrik. Alegia, aski zutela komunikabide guztietan, bereziki ETBn esaten zuten, ematen ari ginen albiste sortarekin eta etzela bidezkoa herriko aldizkarian ere hura irakurri behar izatea. Zorrotz baina aldarte onean esaten zizkidaten eta nik, jakina, kiroltasunez entzun nituen, areago, nere gogoko taldeak Manchester, Schalke eta Lisboako Sporting kalera bidaltzen zituela ikusita.
Gauzak asko okertu dira San Mames zaharrean ordea. Aurten, nahasi eta zikin dabiltza hango urak eta nongoak garbituko eta Realekoak.
Kasualitatea ere bada, Athletic gainbeheran doanean Realak berebiziko denboraldia egitea.
Lagunek sinisten ez badidate ere, pozten naiz. Gaizki pasa dute oso txuriurdinek bigarren mailako esperientzia horretan eta haren ordainez edo merezi dute poz pixka bat.
Zorionak beraz eta zukutu ondo aldeko garai hauek, Athleticek urtebeteko tregua txiki bat besterik ez dizue eman-eta!!