Kalitatezko dantza garaikidea

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 12a

Lasarte-Oria Dantzan 2013 egitasmoaren lehen saioa izango da larunbata honetan, 20:00etatik aurrera, Manuel Lekuona kultur-etxeko aretoan. Dantzaz konpainiak Estatuan eta nazioartean erakutsi duen “Ar-tean” ikuskizuna eskainiko du bihar gure herrian. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen dantza Garaikideko zirkuituko emanaldia da.

Euskal Herrian lanean dauden dantza garaikideko taldeak ugariak dira. Hauen artean, bihar Lasarte-Orian izango den Dantzaz konpainia da horietako bat.

Lasarte-Oria dantzan 2013 ekimenetako lehen ikuskizuna izango den “Ar-tean”, eskainiko du Donostiako konpainiak bihar Manuel Lekuona kultur-etxean, 20:00etan.

“Ar-tean” ikuskizuna
Dantzaz konpainiak izen handiko koreografo europarrak gonbidatu zituen bere bostgarren urteurrena ospatzera.

“Ar-tean” lanean, konpainiak Itzik Galili maisu ospetsuarekin lan egin du berriro ere.
Emanaldi honetan, Donostiako konpainiak koreografo israeldar honen bi koreografia ikusiko dira. Batetik, “Earth apples” aparteko koreografia eskainiko da berriz ere, eta nazioarteko sortze lana den, “Flash deluxe”.

Konpainiak azaltzen duenez, lan honetan sendo nahasten dira indarra eta maisutasuna. Eta Iparraldeko konpositore den Paxkal Indoren sormen handiko doinu batean, perkusio eta txalaparta erritmoz betea, du oinarria.

Honetaz gain, konpainiaren estiloaren ildoari jarraituz, ikuskizun berri honetan, oso ibilbide interesgarria egiten ari den koreografo gazte bat en, Lukas Timulak eslovakiarraren lana ere izango da ikusgai.
Koreografo gazte honek “A place between” eskainiko du. Hau bi ekitaldiren arteko unea izan liteke, baina baita jaiotzaren eta heriotzaren arteko gunea ere.

70.000 ikuslek baino gehiagok gozatu dute ikuskizun honetaz Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Alemania, Txekiar Errepublika, Suitza eta beste hainbat herrialdetan egindako ehun eta hogeita hamarretik gorako emanaldietan. Lasarte-Orian larunbatean dago aukera.

Dantzaz konpainia
Dantzaz Konpainia Euskal Herriko egoera koreografikoan aire erakargarria eta indarberritzailea eman nahi dio.

Konpainiak honek Europako herrialde desberdinetako dantzariei maila profesionalean ezagunak izateko aukera ematen die. Egun, hainbat emanaldi eskaintzen ditu Estatu eta nazioartean eta “Kameleoiak” ikuskizuna estreinatuko du maiatzean.

Lasarte-Oria dantzan
Arestian aipatu legez, “Ar-tean” emanaldia Lasarte-Oria Dantzan 2013 egitasmoko lehen emanaldia izango da.
Maiatzaren 24an, berriz, “In corpore sano” ikuskizuna eskainiko du Organik konpainiak.
Eta azkenik, azaroaren 23an, Marta Carrascoren konpainiak “La dona descalça” lana erakutsiko du.
Emanaldi hauek guztiak, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Dantza Garaikidea bultzatuz zirkuituaren barruan daude kokatuak.

Sarrerak
“Ar-tean” ekitaldiko sarrerak eskuragarri daude leihatilan, 6,50 euro, eta lasarteoriasarean web orrialdean, 5,40 euro. Lasarte-Oria dantzan ekimeneko beste dantza saioetarako sarrerak laster izango dira lasarteoriasarean.eu orrialdean.