Uda paregabea igarotzeko, etorri Udako Txokoetara

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 12a

Aste Santuko oporrak igaro dira eta ikasturteko azken txanpa iritsi da. Asko Udako oporretan pentsatzen hasi ko ziren. Ttakun K.E.-k Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz uztaila eta abuztuan 3 urtetik 12 urte arteko haur eta gaztetxoek lagun berriak egon eta ederki gozatzeko Udako Txokoak prestatu ditu.

Adinaren araberako programazio anitza izango da eta aspertzeko astirik ez dute izango haur eta gaztetxoek egingo diren hamaika ekintza eta irteerei esker.
Honela 3 urtetik 4 urte bitarteko haurrek, 2008eta 2009 bitartean jaioak, jolasak eta tailerrak egingo dituzte.

2005 eta 2007an jaiotako haurrek ingurumena lantzeko programazio anitza izango dute eta jostakirola programarekin era askotako kirolak praktikatzeko aukera izango dute.

8 urtetik 12 urte bitarteko gaztetxoek berriz, abenturazko ekintzak, hau da, mendi irteera eta bibak-a egingo dute, kirolaz gozatuko dute, tailer ezberdinak egingo dituzte eta talde jolasak eta jolas kooperatiboak ikasiko dituzte.

Irteerei dagokionez, 4 urtetakoek igerilekura joango dira eta txango bat egingo dute. Beste adinetako haur eta gaztetxoek astean behin hondartzara, “Topic” txotxongilo museora,... irteerak egingo dituzte.
Eta hainbat jaialdi ere ospatuko dira, hala nola, San Fermin edo azken festa.

Astigarraga, Donemiliaga eta Mendigorria
Hau guztiaz gain, gaztetxoenek kanpoan egonaldi luzeagoak egiteko aukera dute Udako Txokoak udaleku itxiekin uztartuz.

Honela, LH2 eta LH3-k Astigarragara joateko aukera dute. Txango hau lau egunekoa izango da eta azken festarako Lasarte-Orian izango dira.

Bestalde, LH3 eta LH4 mailakoek, uztailaren 16tik 27ra bitartean, Mendigorriako, Nafarroa, Udaleku itxietan egoteko aukera dute.

Eta handienek, LH5 eta LH6ko gazteek, uztailaren 3tik 14ra bitartean, Donemiliagan, Araban, primeran pasako dute. Milaka abentura biziko dituzte, beraz, gaztetxoek udalekuetan.

Goiz txoko
Udako Txokoetako ordutegia goizeko 10:00etatik 13:00etara izango da.
Hala ere, azken urteetan bezala, Goiz-Txoko zerbitzua eskainiko da haurrak 9:00etatik aurrera haien lagunekin jolasean egon daitezen.

Izena ematea
Honela, Udako Txokoetan primeran pasa nahi duten haurrek astelehenetik aurrera eman behar dute izena Ttakun K.E.-ko bulegoan.
Lasarte-Orian erroldatuak dauden haurrak, Ttakuneko bazkideen seme-alabek edo elkarteko ekintzetan parte hartzen duten haurrek izango dute lehentasuna Udako Txokoetan.
Ordainketa egiteko Ttakunen bulegoan, kreditu txartelarekin edo Kutxabaneko 2095-5048-18-1061552351 kontu korrontean. Diru-sarreraren kontzeptuan, haurraren izen-abizenak jarri behar dira.
Matrikula orria sinatuta eta ordainagiria Ttakuneko bulegora eraman beharko dira.
Izena emateko azken eguna maiatzaren 10a izango da.