Maider Oiartzabal:“Sorkuntza oso garrantzitsua da, euskal dantza bermatu nahi badugu”

Nerea Eizagirre 2013ko api. 12a, 11:11

Lasarte-Orian dantzak bere lekua hartu du pixkanaka. Horregatik, Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideek Dantzaren Nazioarteko eguna ospatuko dute apirilaren 29an lehenengoz. Horretarako, apirilaren 27an dantza topaketa batzuk eta egunean bertan, ekitaldi xume bat antolatuko dute. Maider Oiartzabal dantzari, koreografoa eta eskolako irakaslearekin bildu gara eta egun honi buruz, euskal dantzaren etorkizunari eta kulturari buruz mintzatzeko.

Maider Oiartzabalek azaldu digunez, Dantzaren Nazioarteko eguna 1982an hasi zen ospatzen. “Irakasle errusiar batek, Piepor Gusevek sustatu zuen. Honek Jean Georges Noverre, dantza neoklasikoaren edo modernoaren sortzailea zena oroitu nahi izan zuen bere urteurren egunean, apirilaren 29an. Geroztik mundu osoan zehar ospatzen den eguna da. Urtero koreografo ezagun bati eskatzen zaio manifestu edo mezu bat idazteko. Aurten Lin Hwai-min taiwandarrak egin behar du manifestua”.

Zein da dantzaren nazioarteko egunaren helburua?
Ospakizunaren helburua dantza ezagutzera eman eta kalera ateratzea, gehien bat, dantza ezagutzen ez duten horiengana iristeko.

Horrelako egunetan klase irekiak egiten dira, konpainiak kalera ateratzen dira edo dantza emanaldiak egiten dira kalean. Ekintza gehienak 29an bertan kalean dira. Beste egun batzuk dauden bezala, musikoek Santa Zezilia dute,... ba dantzak ere badu bere eguna eta garrantzitsua da niretzat Lasarte-Orian ere ezagutaraztea. Horregatik Kukukak aurten ekintzatxo bat egin nahi du kalean.

Zer modutako ekintza izango da?
Manifestoa irakurriko genuke eta gero zertxobait egingo litzateke. Oraindik ez dakigu zer egingo dugun ziur. Baina ekintza sinplea, xumea eta polita izatea nahi dugu, ahalik eta jende gehien parte har dezan, adin guztietako herritarrek. Eta dantza topaketa antolatu dugu apirilaren 27an Manuel Lekuona kultur-etxean. Baina ezin dut gehiago aurreratu.

Hain zaila al da jendea antzokietara hurbiltzea?
Gaur egun dauden murrizketa guztiekin eta BEZa %21 igo denez, ba gero eta okerrago dugu eta gero eta zailagoa jendea antzerki edo aretoetara joan dadin.

Baina heziketa maila garrantzitsua da gizarte mailan. Badaude zenbait herrialdeetan ohitura asko dagoena eta nik uste dut ohitura horretan gobernuek zer ikusi handia dutela.

Kulturan inbertitzen bada, jendeak kultura kontsumituko du. Baina adibidez futbolean inbertitzen bada... Ez zaie hainbesteko aukera ematen beste gauza batzuei. Niri iruditzen zait guztiak izan beharko lukeela aukera berdina.

Kultura eta dantza garrantzitsuak dira beraz hezkuntzan...
Kulturak beti egiten gaitu pertsona hobeak eta zabalagoak beste era batetara. Beste gauza batzuk ikusten ditugulako eta hezten zarelako. Ez zaude itxita zure munduan, baizik eta beste mundu batzuk ere ikus ditzakezu.

Nik uste dut kulturak edo arteak baduela horrelako puntu bat. Aisialdia izateaz gain, askotan arteak badu puntu bat pentsatzera bultzatzen zaituena. Edo pentsa arazten digu edo sentiarazten dizu eta horrekin gero hausnarketara bideratzen zaitu.

Dantzak ere sentimendu horiek adierazten ditu, beraz...
Ez nuke sentimenduak esango baina adierazteko erabiltzen da. Mugimenduak beti adierazten du. Mugimenduarena ere kulturala da. Mugimendu batzuk konnotazio batzuk dituzte eta besteetan besteak. Gizarteak zerbait ongi ikusten duenean egiten da, baina gaizki ikusia dagoen zerbait. Garaian garaikoak.
Euskal dantzak kontestu historiko batean daude. Eta horietan ere adierazten zen. Plazara atera eta ea zeinek zuen gaitasun handiena. Hor bazegoen zerbait adierazteko nahi bat.

Euskal dantzaz ari zarela, egun sorkuntzarako joera dago eta euskal dantza tradizionala galtzearen beldur dira asko...
Iruditzen zait tradizionalistak existitu behar direla eta eskerrak existitzen diren ze haiei esker bai musikan, bai dantzan bai antzerkian... arte klasikoak dira eta hor ditugu gure oinarriak.

Baina, iruditzen zait purista asko berritzearen kontra daudela beldurragatik. Beraiek maite duten hori desagertuko dela uste dutela iruditzen zait baina kontrakoa dela esango nuke. Euskal dantza sorkuntza existitzea niretzat oso garrantzitsua da, baldin eta benetako euskal dantza bermatu nahi badugu.

Sortzaileen lana derrigorrez tradizioari begiratu behar diola uste dut, zerbait berria sortzeko, bai musikan, baita dantzan ere. Gero eta sortzaileagoa izan, gero eta gehiago begiratu edo jo behar duzula diot eta gero eta gehiago maitatu edo errespetatzen duzu horrela tradizioa. Eta hori uste dut oso garrantzitsua dela.

Beraz, tradizionala garaikidearekin uztartu daiteke...
Eredu asko ditugu Euskal Herrian bertan, bertsolaritzarekin edo euskararekin, hizkuntza berarekin.
Lehengo egunean hizkuntzalaritzan aditua dudan lagun bati “Mihiluze” eta horrelako programak hizkuntzarentzako onuragarriak al ziren edo ez galdetu nion. Eta hark esan zidan “bai, ze behin euskara ongi jakinda gero horrekin jolastu egin behar da eta puskatu behar da”.

Eta hori da euskal dantzarekin egiten duguna. Oinarria jakinda, dantza hori historikoki zer den, non kokatzen dugun, zer kontatzen zuen jakinda... hortik abiatuta, goazen orain dantza horrekin jolastera eta gaurkotzera. Hala ere, nik uste dut horrela ere bermatzen dela euskal kulturaren zati bat.

Lehen aipatu duzu, euskal dantzak garaian garaikoak zirela...
Bai, egun ulertzen ez den gauzetako bat da. Euskal dantzak gaur egun kontestu historiko batean ikusten ditugu, baina garaikoak ziren eta garaian egiten zirenak.

Eta beste gauza bat gehienek ez dakitena da, bat-batekotasuna asko lantzen zutela. Orduan pertsona batzuek pausu hau horrela da esaten dutenean... Benetan ez dakigu nola zen, guri horrela iritsi zaigu, baina nor egon zen bertan hori horrela zela jakiteko.

Horregatik nik uste dut malguagoak izan behar dugula. Beti ere errespetatuz.

Gizon gutxi dabil dantza arloan...
Euskal dantzetan gizonezko askok parte hartzen dute eta Euskal Herrian gizonezkoek parte hartze oso potentea izan dute dantzan.

Baina hau betikoa da, oso kulturala da. Hasiko bagina benetan atzera joaten eta dantzaren historia aztertzen, ikusiko genuke gizakia existitzen den momentutik dantza dagoela.

Azken finean dantza mugitzea eta adieraztea da. Eta gu mugitzen gara beti eta gauzak adierazten gaude. Eta benetan hori da dantzatzea.

Kobazuloetan agertzen dira marrazkiak non bertan agertzen diren bai gizonezko, bai emakumezkoak. Dantza sozialki erabiltzen zen eta gizakien artean elkar komunikatzeko. Orduan ez zegoen inongo erreparurik.

Baina gerora hasten dira arazoak, Erdi Aroan kristautasuna dago eta dantza debekatzen da, gaizki ikusia dago. Baina garrantzitsua da hori. Berez elizak ezeztatu egiten zuen dantza, baina paganoak zirenek mantentzen zuten. Gaur egungo dantza folkloriko gehienak bertan daukate jatorria .Baina nire ustez erabat kulturala da hori eta heziketa ere.

Askotan badakigu gizonei zer nolako astakeriak egin arazi zaizkie. “Ez ezazu negarrik egin” esate zai eta hori niretzako gizaki bati egin al diezaiokezun maltzurkeri handiena da. Azken finean haurrak garenean denak mugitzen gara, nahi dugun moduan, denok dantzatzen dugu eta gero heziketa eta horren aurkako mezu batzuk jasotzeak asko egiten du.

Oso baldintzatuak gaude eta pena bat da, zeren eta nik uste dut gizonezko askok oso gustura dantzatuko luketela. Azkenean gizonezkoa pertsona bat delako. Eta nik uste dut pertsona guztiek adierazteko beharra dugula.

Lasarte-Orian euskal dantza ezaguna izan da, baina ez horren beste dantza garaikidea...
Kultur etxean eskaintzen zen dantza garaikidea. Nolabait dantza garaikidea oso gauza elitista bezala dela dirudi, pertsona batzuentzako bakarrik dena, akademietan jartzen dena edo oso gauza teknikoak direnak.
Baina Kukukak herriari eskaintzen dio. Eta hemen maila gehiago edo gutxiago daukanak garaikidea egiteko aukera dauka eta eskubidea ere bai. Ez da gauza itxi bat, akademia moduan, baizik eta herri mailan zabaldu da. Eta niretzako oso polita izan da jendeak ezagutzea.

Gauzak honela, jendea gonbidatzen duzu apirilaren 29ko ekintzan parte hartzera ...
Ez hori bakarrik, jende guztia mugitzera eta adieraztera eta bere gorputzarekin lasai disfrutatzera gonbidatzen ditut. Benetako behar hori sentitzen baldin badute egin dezatela.

Mugitzeko eta adierazteko gogoa baldin baduzu egin ezazu ahal duzun moduan. Agian dantza batzuk energia mota bat behar dute eta besteek, bestea, aukeratu zein den zuri dagokizuna eta animo. Disfrutatu.
Azken finean gorputz bat daukagu eta gorputza adierazteko daukagu. Gure barruan pasatzen den guztia, bai mentalki, bai emozionalki dena fisikotik agertzen dugu eta benetan gure ongizaterako mugimendua erabiltzea eta adieraztea oso garrantzitsua dela uste dut. Gure barne mundua hor agertzen da.
Nik askotan entzun dut “ez dakit dantzatzen”. Nik esaten dut hori ez dela egia, “zuk badakizu dantzatzen” denok bezala.

Baina beste gauza bat da bakoitzak bere mugak izatea, kulturalak edo mentalak ... Txikitan guztiok egin dugu dantza eta ez genuen inolako eragozpenik egiteko edo lasai mugitzeko.