Michelin II bertan behera

maider-azurmendi 2013ko apirilaren 12a

Martxoaren hasieran Michelin fundazioak hasierako proiektua aldatu zuela jakitera eman du Udalak. Proiektu berrian gune komertzialari tamaina handiagoa ematen zitzaion eta eremuaren aprobetxamendua zela eta Udalari ordainduko liokeenaren inguruko informazioa jakinarazi zuen. Honen aurrean udalak baldintza batzuk jarri zituen mahai gainean eta martxoaren 22an udal ordezkariek esan bezala, "ohar labur batean" proiektua bertan behera uztea erabaki zuen Michelin Fundazioak.

Atzo Manuel Lekuonakultur-etxean Michelin II proiektuaren azken berriak plazaratu zituen alkateak. Bertan bildutako herritarrei, proiektua Michelin Fundazioak bertan behera utzi duela azaldu zien.
Bileran esandakoaren arabera, Fundazioak martxoaren hasieran udalari proiektuan aldaketak aurkeztu zizkion erabilpen komertzialerako bideratzen zen eremua bikoiztuz.

Honekin batera “proposamena gauzatu ahal izateko, Michelin garapen fundazioak Lasarte-Oriako Udalari 100.000 euro ordainduko lizkioke, honek ondoren, Capital Nortek salduko lizkiokeen bulego batzuk erosi eta bertan enpresa-mintegi bat sortzeko”.

Proposamen berriaren aurrean, “negoziazioetan sartu aurretik Udalak bete beharreko marra gorriak ezarri zituen”. Izan ere alkateak esan moduan “udal korporazio honentzat, Michelin fundazioak, Capital Norte S.L-ren adostasunarekin, eginiko proposamena eskasa eta onartezina zen”.

Udalak bere baldintzak arrazoitzeko, “hasieran, proiektu honen arrazoi nagusia erabilpen industriala zen eta planteamendu berriarekin hau indargabetzen zela ulertu genuen”. Gainera “udalari orubearen aprobetxamendua dela eta jasotzea zegokion kontra-partida ez zen legez zegokion kopurura iristen. Beraz, Udalak ezin zuen salbuespenik egin eta aurrekaririk sortu”.

Erabilpen industrial eskasa
Udal korporazioa, hala ere, birplantamendu bat egiteko prest zegoen “beti ere, izaera industrialaren eta legearen betebeharraren baldintza minimoak betez gero”.
Guztia kontutan izanda, Udalak hiru baldintza proposatu zituen “interes orokorrean oinarrituta”. Horrela aprobetxamenduaren balorazioari dagokionez legez jaso beharrekoak mantendu beharko zirela, 700.000 euro.

Udalak ez zuen kopurua dirutan jasotzeko asmorik, azalera eraikian baizik “etakontutan hartuta eraikuntzako kostua merkatukoaren azpitik dagoela”. Urbanizatze lanak direla eta, kontutan hartu beharra zegoen Udalak Bidegorria daukala eginda, 280.000 eurotako inbertsioa galduz. Beraien 250m²-ko azalera eraikiko kontra-partida “guztiz onartezina eta oso murritza iruditzen zitzaigun”.

Horrekin batera “eremu industrial eta komertzialen banaketak jatorriko puntura bueltatu beharko lukeela uste genuen, lehenengo fase batean erabilera industrialari zegozkion zatiak ere burutu beharko zitezkeela iritzita. Beharrezkotzat jotzen genuen eremu honetan ezarriko ziren enpresak zein ziren jakitea ere herritarrei ezagutzera eman ahal izateko”.

Udalaren esku
Lasarte-Oriako Udalaren esku dago gune komertzialaren eraikuntzari baimena ematea edo ez. Izan ere, eraikuntza berriak erabilera komertzialera zuzentzea, lurren kalifikazioa aldatzea eskatzen du.
Erabakia hartu baino lehen Udalak proiektua publiko egitea erabaki zuen otsailean, eta lehenengo bilera bat egin zuen herritarrei ahalik eta informazio gehien emateko. Eskuorria banatu zen etxeetan proiektuaren azalpenekin eta Merkatal-industriagunea Lasarte-Oriarentzat? galdeketa proposatu zuen.

Atzo azaldu moduan, 202 herritarrek erantzun zioten galderari eta hauen %47,22 proiektu honi baimena eman behar zaiola uste du, %46,29 ez dela defendatu behar eta %6,48 ez du erantzunik eman.