Musika Aste oparoa lehen aldiz Lasarte-Orian

Txintxarri 2013ko apirilaren 12a

Lasarte-Oriako I Aste Musikal oparoa antolatu du Udalak apirilaren 17tik 21era bitartean. Bost egunetan zazpi emanaldi berezi bildu dira, denak ere nabarmentzekoak baina bereziki bi azpimarratu dituzte antolatzaileek. Batetik ostiralean 20:30eta Ruper Ordorikak kontzertu desberdina eskainiko duela, talderik gabe berak bakarrik bere gitarrarekin eta bestalde, igandean 12:3oetan Ana Belen Garciak organo kontzertua eskainiko duela Brigidatarren komentuan. Aipagarria da mezatan astero erabiltzen bada ere ez dela kontzerturik egin 1991tik eta 1915ean jarri zen organoa afinatu eta puntu-puntuan jarri dutela kontzerturako.

1915ean Brigitarren komentuan jarritako organoa joko du Ana Belen Garciak.
Eguerdian aurkeztu dute Lasarte-Oriako I Aste Musikala kultur etxean. Hilaren 17tik 21era musikak hartuko ditu herriko zenbait espazio eta hainbat emanaldi eskainiko dira. Boris Nogales kultura zinegotziak adierazi duenez, “zazpi izar dira bost egunetan kontzentratuta”. Musikeneko Saxofoi Ensemble taldeak, Duo Soupir-ek Ruper Ordorikak, Pasaiako “Octopus” eta “White Storm” Konbo taldeek eta Ana Belen Garcia organistak joko dute Musika Astean. Gainera antzerkiak eta zinemak osatuko du egitaraua: batetik Biolin Magikoa, hiru herritarrek osatutako Ate Joka taldearen antzerki lana eskainiko da eta Okendo zinema taldeak pelikula berezia programatu du: Let´s Get Lost Cris Baker-i buruzko dokumentala hain zuzen ere.
Goizeko 11:30ean kultur etxean egindako aurkezpenean egon dira, Udaleko Boris Nogales, Xabier Goitia eta Juantxi Ugarte, Musikeneko akademi-kudeatzaile Patri Goialde, Ana Belen Garcia organista eta AteJoka antzerki taldeko Jon Garagarza.
Boris Nogales-ek nabarmendu du aurreko urteetan alde batean izan ondoren, aurten Kultur Batzordean musikari bultzadatxoa ematea erabaki dutela eta lehenengo aldiz Musika Astea antolatu, bost egunetan kalitatezko zazpi emanaldiko egitarau oparoa alegia. Emanaldi gehienak doan izango dira, Zinema, Ruper Ordorikaren kontzertua eta Biolin Magikoa antzerkia ordainduko dira. Astea irekiko duen Musikeneren izenean Patri Goialdek nabarmendu du erakundearen helburuak bi direla nagusiki, ikasleen formakuntza eta profesionaltasuna zaintzea eta dinamika akademiko horretan saiatzen direla ikasleei ikasitakoa publiko aurrean erakusteko aukera eskaintzen.Karsten Dobers-ek zuzentzen duen Saxofoi Ensemble taldeak asteazkenean joko du 19:30ean.
Ostegunean ordu berean Ainhoa Merzero abeslari hernaniarrak eta Alberto Saez pianistak osatzen duen Duo Soupir-ek joko du.eta ondoren Zine Proiekzio berezia eskainiko da, Okendo Zinema Taldearen laguntzarekin. Chet Baker tronpeta-jole ezagunari buruzko dokumentala. Adituek esan dute sekula egin den musika dokumentalik onena dela. Bi ordu irauten du, Oskar sarietan finalista izan zen eta Veneziako zinemaldian saritua. Emanaldia 21:30ean da eta jatorrizko bertsioan emango da azpitituluekin.
Ordorika gordin gordin
Ruper Ordorikaren kontzertuarekin hasiko dira astebururako programatu diren emanaldi bikainak. Musikari ezaguna, talderik gabe etorriko da, bakar bakarrik eta kontzertu berezia izango da. Modu berri honetan lauzpabost kontzertu eskainiko ditu, bat Kultur Etxean ostiralean arratsaldeko 20:30etan. Bere ibilbidea errepasatuko Oñatiko abeslariak.
Larunbatean 19:30etan Pasaia Musikaleko bi konbo taldeen txanda izango da. Octopus eta White Storm taldeek joko dute Josu Elberdin musikariak zuzenduta. Pasaiako Musika Eskolako ikasleen bi talde hauek, hainbat estilotako lanak joko ditu, baita gaur egungo pop eta rockaren ingurukoak ere.
Igandean bi emanaldi oso berezi egingo dira, eguerdian organo kontzertua Brigitarren Komentuan eta arratsaldean antzerki musikala Kultur etxean. Ana Belen Garcia Perez andoaindarrak joko du Brigitarren komentuko organoa igande eguerdiko 12:30etan hasita. Jesus Mari Egizabalek emandako informazioaren arabera, 1991. urtean eman zen azken kontzertua, bertan 1915ean jarri zen organo txiki eta berezi honekin. Esteban Elizondo izan zen organista orduan, orain joko duen Ana Belen Garcia bezala, Donostiako Santa Maria elizako organista. Dena den, astero jotzen du mezatan musika tresna hori Sor Graciela ala Felipe Lizarragak. Kontzertua dela eta organoa afinatu eta puntu-puntuan jarri dute. Ana Belen Garcia organistak esan duenez, ez da Gipuzkoako beste organo batzuek bezain ezaguna, baina soinu kalitate oso onekoa bai. Azpeitian egindako organo honekin, XVII. mendetik hasi eta XX. mendera arteko hainbat lan joko ditu Italia, Alemania, Frantzia eta Espainiakoak.
Denok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabalek nabarmendu duenez, ez da erraz erraza izan Elizaren baimena lortzea eta gerora ere berriro horrelako kontzertuak egitea zaila izango da, bere iritziz, egungo Gipuzkoako gotzaindegiko arduradunen joera, klausurako komentuak ixtekoa delako.
Igandean arratsaldeko 17:00etarako beste emanaldi bikain bat antolatu dute: Atejoka taldeko Aitor Fernandino, Tomas Ruti eta Jon Garagarza lasarteoriatarren "Biolin Magikoa" antzerki lana. Garagarzak nabarmendu duenez, historiako musikari klasikoak eguneratu eta ibilalditxo bat egiten dute musikaren historian. Herritakoak direla eta herrian euren lana erakusteko gogoz daudela ere aipatu du.

Lasarte-Orian lehen aldiz aurten antolatu den Aste Musikalaren helburuak lau dira antolatzaileek adierazi dutenez: herritarrei kultur adierazpen hori hurbiltzea, aste betean kalitatezko musika egitaraua eskaintzea, herriko musika sortzaileen lana bultzatzea eta herriko musika elkarteekin parte hartze dinamika bat sortzea.