Despervicioren doinuak Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 13a

Punk-rock taldea da Despervicio, ezaguna herrian, eta Jalgi Kafe antzokia hankaz gora jarri zuen Andoni (gitarra eta ahotsa), Harriet (bateria), Igor (gitarra) eta Enekok (baxua) osatutako laukote hernaniar-lasarteoriatarrak. 2012ko azaroan ekoitzitako “Ireki Begiak” estudioko azken diska aurkeztu zuten, baina errepertorioko kanta zaharrak joaz lortu zuten publikoa bero-bero jartzea.

Ostiral gauekoa Jalgiko egitarauaren barnean antolaturiko kontzertua izan zen, Xpressionk-en eskutik eta jende asko hurbildu zen herriko musikariak ikusi eta entzutera. Irudian, euren koadrilako Urko trikitixa esku artean duela ageri da eta besteak beste, abesti propioez gain, Kortaturen “Zu atrapatu arte” eta Hertzainaken “Pakean utzi arte” kanta historikoak jo zituzten.