Herriko nesken saskibaloia sasoitsu

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 13a

Landaberri 06 alebinen nesken taldeak galdu egin zuen larunbatean Gipuzkoako txapelketara sailkatzeko lehen norgehiagoka Laskorainen aurka, 31-57ko emaitzaz. Noelia Bermejo prestatzaileak adierazi digunez, partidu hasieran taldea “urduri” zegoen eta pixka bat esnatzea kostatu zitzaien. Lehen bi laurdenak pasata ordea, lasaitu eta euren maila erakusteko aukera izan zuten Landaberriko neskek, baina ez zen nahikoa izan markagailua irauli eta partidua poltsikoratzeko.

Hurrengo neurketa Tolosan izango dute hilaren 20ean, eguerdiko 12:00etan, Buruntzaldeako txapeldun geratu direnez, Tolosaldeko garailearen aurka (Laskorain) jokatu beharko dute itzulikoa eta neskek orain arte erakutsitako “gogoa eta talde giroa” mantentzea espero du Bermejok. Bestalde, kadete mailako Ostadar nesken taldeak balentria egin du, Itziar Bermudez eta Endika Marrahik zuzendutako neskek Gipuzkoako parte-hartze txapelketako finalerako txartela eskuratu baitute. Hilaren 27an jokatuko dute Añorgaren aurka finala.