Saio trinkoa izan zen, barneratzeko zaila obrei zerien mezu landu eta sakona medio, norberaren interpretazio eta emozioei irekita zegoen lan bakoitza. Dantzarien ariketa eta urrats akrobatikoak mugimendu goxo eta lasaiekin uztartzen ziren, nolabaiteko kaosa sortuz aretoan, argi-jokoek eta musika biziak unibertso nahasi horretan ordena pixka bat jartzen laguntzen zuten arren. Finean, basatia eta zibilizatua izan zen obra aldi berean, orain ur eta orain harri. Kementsua eta xaloa. Sentimendu ur-jauzi jarrai bat eskaini ziguten Euskal Herri zein Europa osotik etorritako 12 dantzari trebeek eta txalo zaparrada luzeaz agurtu zituzten herritarrek dantzari izateaz haratago, atleta eta antzezle ere badiren neska-mutil gazteak.