
Ostadar Beltzak taldea erasoan, Ander Rekondok baloia eskuetan duela, Irungo defentsa lerroak haustear.
Beraz, guda edo guda. Ez zegoen beste aukerarik. Atzean sartu beharrean, aurrean presionatu eta irundarrei ahalik eta zelai gehiena jatea zuten helburu.
Planteamendu horri jarraituta, 10. minuturako Aristorena kapitainak berriro ere uztartzea egin zuen, eta Xabi Prietol baloia hiru zutabeen artetik botatzean, 7 puntuko jokaldia gauzatzea lortu zuten beltzek, 12-0. Asko geratzen zen oraindik ordea.
Irungo taldeak aurreko lerroa zueb indartsua, jokalari handiak zituen eta hauen defentsa haustea zaila zen herritarrentzat. Ekinaren ekinez ordea, Ander Rekondo lasarteoriatarrak defentsa hautsi eta entsegua egin ostean, uztartzea lortu zuten Prietoren bi puntu gehigarriei esker, 19-0 markagailuan. Halaxe joan ziren atsedenaldira lehen 35 minutuak pasata.
Zelai ertzean zirkulu handi batean eserita, nekea antzematen zen jokalarien aurpegian, baina baita seriotasuna ere, Juantxo Prieto eta Jose Maria Nuñezek emandako aginduak adi-adi entzuten ari ziren mutil gazteak, publikoaren "Beltzak, bai bai bai!" oihuen artean.
Beltzakeko gerrilariak
Bigarren zatia hasi bezain pronto, Aimar Mitxelenak txartel horia ikusi zuen, "plakaketa altua" deritzona egiteagatik, hau da, arerioa burutik gora heldu eta lurrera botatzeagatik. Jokaldi hori medio, Mitxelenak 10 minutu egin behar izan zituen zelaitik kanpo, zigortuta. Hamabosteko taldea behar zuena, hamairu jokalarirekin geratu zen. Baina larunbatean nabari zen Beltzak taldeak zer edo zer handia egitea zuela buruan, azio handi bat, epikoa.
Horren erakusgarri handik gutxira Unai Urruzolak egindako entsegua, 24-0 jarriz markagailuan. Artean, partidua amaitzeko 20 minutu besterik ez ziren falta eta Beltzak taldearen jokalariengan nekea nabaritzen hasia zen dagoeneko.
Gainera, Xabi Prietok kolpe handia hartu zuen sorbaldan eta berdegunea utzi behar izan zuen... Beste baja bat Ostadar Beltzak Gure Etxea taldearentzat. Egoera baliatuz, Irun Zaisa taldeko 15 mutilak puntuak biltzen hasi ziren aurrean zituzten 12 gerrilari herritarrek ezer gutxi egin zezaketela probestuta. Sekulako esfortzu fisikoa egin zuten beltzek, horren adibide, partidua amaitzeko 5 minutu falta zirela Andoni Amonarrizek izan zuen zorabioa. Belauna gaizki eduki arren, partidu osoa jokatu eta sekulako erakustaldi fisiko eta mentala eman zuten ez berak bakarrik, jokalari guztiek.
Halakoetan gertatzen den modura, jokalari, entrenatzaile eta harmailak etengabe aritu ziren epaileari ordua eskatzen eta azkenean, epaileak partidua amaitutzat jo ostean, herriko mutil saiatuek amorruz gozatu zuten ondo merezitako garaipena. Azken emaitza: 24-19. Beste jardunaldi bat eta beste garaipen bat Beltzak taldearentzat. Gerrilek ere, oso noizbehinka, lortzen dituzte ejertzito handien aurrean garaipenak, larunbatekoa kasu.