San Pedro Jaietako egitaraua prestatzen ari da Udala eta ekintzen barruan, urtero legez, haurren danborrada dago. Hau ekainaren 30an, igande goizean, gure herriko kaleetan barrena ibiliko da jaiak alaituz.
Haur danborradan Lasarte-Oriako 5 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahalko dute.
Gazteria sailak azaldu duenez, 13 edo 14 urte dituzten haurrek, edo kopuruagatik barriletan plazarik izan ez dutenek, aurreko urteetako jantziekin parte hartu ahalko dute.
Era berean, kantinera edo gastadore plazarik ez duten 5 eta 6 urteko haur guztiek baserritarrez jantzita parte hartu ahalko dutela adierazi dute.
Izena ematea Gaztelekuan
Haur danborradako izena ematea gaur astelehena, apirilaren 15a irekitzen da eta maiatzaren 3ean amaituko da.
Horretarako, 5 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoei etxeetara eskutitza bidaliko zaie. Eskutitzarekin batera doan inskripzio fitxa bete behar dute. Gaztelekuan dagoen Gazteentzako informazio bulegoan, 12:00etatik 21:30era, jasoko dira fitxa hauek eta izena ematea baieztatuko da.
Informazio gehiago eskuratzeko ere Gaztelekura hurbildu behar dira interesatuak.
Plazen zozketa maiatzaren 10ean egingo da eta emaitza maiatzaren 14ean emango da jakitera Manuel Lekuona kultur-etxeko iragarki taulan.
