“Lagunek egin dugu Biolin magikoa”

jon-altuna-iza 2013ko apirilaren 15a

Lagunartean sortu dute “Biolin Magikoa” antzerki lana ATeJoka taldeko Aitor Fernandino, Tomas Ruti eta Jon Garagarza partaideek. Lasarteoriatarrak hiruak, lagun koadrila berekoak, eta urtetan behin eta berriro esandakoa gauzatu zuten 2012an: elkarrekin zerbait egitea. Fernandinok aktore dihardu Txalo taldean, Rutik musikari orkestratan eta irakasle kontserbatorioan, Garagarzak soinu-teknikari bere enpresan eta orain euren lanak elkartu dituzte “Biolin Magikoa” antzezlanean. Rutik esan digunez, musika umeei helarazteko beste modu bat izango da. Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen Arte Eszenen saria jaso eta iaz, urriaren 18an, entrenatu zuten Miarritzen.

Aitor Fernandino sarri etortzen da herrira aspaldian Bilbotik, Tomas Ruti eta Jon Garagarza lagunekin “Biolin Magikoa” antzerki lana prestatzera. Igandean hilaren 21ean arratsaldeko 17:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean izango dira. “Nire herria da eta gustura etortzen naiz” esan digu Fernandinok. Berarekin batera Tomas Ruti musikaria izango da oholtzan, biolina jotzen. Jon Garagarza arduratuko da atzeko lan eta azpiegituraz.

Antzerkia eta musika uztartu dituzue ATeJoka antzerki talde berrian. Nolatan izan da hori?
Lagun koadrila berberekoak gara eta hiruok horretan ari garenez, beti esaten genuen zerbait elkarrekin egin behar genuela, eta azkenean animatu egin ginen musikaren eta biolinaren inguruko antzerki-lan hau sortzeko.

Gure lana geuk kudeatzeko ideia ere izan dugu, beti besteentzako lanean aritu beharrean zerbait gurea egin nahi genuen, guk gestionatu eta guk erabaki.

ATeJoka taldea sortu eta urte berean dator Biolin Magikoa...
Bai, 2012ko urtarrilean elkartu eta justu Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak EKEk beka bat atera zuen. Testua idatzita geneukan, gure ideia aurkeztu eta asko gustatu zitzaien. Hitz-egindakoa eta buruan genuena gauzatzeko aukera izan zen.

Zuek sortu duzue antzezlana?
Gidoia Aitorrek idatzi du, eta, gero, Tomas eta Jonek aldaketak proposatu. Aurkezteko data geneukanez, elkarrekin zerbait egiteaz mintzatu ginenetik prozesu oso azkarra izan da: hain justu, maiatzean esan ziguten irabazleak ginela eta urrian genuela aurkezpen emanaldia.

Maiatzean urria urruti ikusten zen, baina tartean uda zegoen eta bakoitza berearekin ari ginen. Irailetik hilabete eta erdi aritu ginen prestatzen eta 2012ko urriaren 18an estreinatu genuen Miarritzen 30-40 programatzaileen aurrean. Potoloa izan zen. Hasteko ez da publiko hain egokia. Presio handia izan genuen. Oso serioak dira programatzaileak.

Nabaritu al duzue gerora beraien presentzia?
Momentuz gutxi mugitu dugu antzerki lana. Zorionez, bakoitzak bere lana dauka eta ez daukagu denbora askorik. Eta talde bezala ere ez gara oraindik ezagunak.

Hiruron artean agenda koadratzen ez daukagu erraza, izan ditugu aukerak, baina batek edo besteak ezin zuelako emanaldi batzuek utzi egin behar izan ditugu. Dena den, aurten bost “bolo” badauzkagu baieztatuta. Gehiegi mugitu gabe poliki, poliki, gustura ari gara. Oraingoz ez gara haserretu, beraz, ondo.

Tomas izan al duzu esperientziarik antzokian?
Institutu garaian hiru urtez aritu ginen antzerkian Aitor eta biok. Nik orduan utzi nuen, eta hor egon da aparkatuta, alde batean, baina, beti gustatu izan zait. Eta hau sortu zenean, aurre egin eta kitto.

Eta zuk Aitor, ba al duzu musikal batean eskarmenturik?
Ez, ez dakit eta zorionez ez dut kantatzen antzerki lanean.

Musika, antzerkia, magia, dantza, mimoa... denetarik dauka, beti ere umore ukituarekin...
Bai, umoretsua da, familia osoarentzat. Umeentzako da, baina gurasoek ere parra egiten dute, ikusi dutenei gustatu zaie. Biolinaren inguruko istorioa muntatu dugu, magikoa da eta antzezlanera doazenek ikusiko dituzte bere botereak.

Ez du mugarik, mundu zabalean eta garai ezberdinetan dabiltza pertsonaiak, ezta?
Bai, lapurraren familia beti ibili da biolinaren atzetik, eta hori baliatzen dugu nolabait musikaren historiako gertaera ezberdinetatik pasatzeko. Mozartekin hasi eta, Beethoven, Paganini, Irlandako folk musika, Eskoziakoa eta abar. Gure interpretazioa egin dugu.

Ez da oso akademikoa, baina, bai, dibertigarria. Biolina bakarrik astuna izan daiteke, baina erritmo ezberdin eta zenbait jokorekin polita da. Gainera Tomasek oso ondo jotzen du biolina...
Zerbait desberdina egiteko aukera izan duzu...

Bai, polita da gauzak egin ahal izatea. Biolinarekin beti oso molde jakin batzuetan zabiltza. Hau zerbait desberdina egiteko aukera izan da eta antzerkiaren grina hori pixka bat kentzekoa ere bai.

Garrantzia du biolinak emanaldian, ezta?
Bai, azken finean zati guztietan dago biolinarekin jotako piezaren bat, eta horren inguruko eszena edo istorioa.

EKEren Hogei'ta Arte Eskeniko saria jaso duzue. Aitorpen garrantzitsua da hori, ezta?
Eta exijentzia ere bada. Proiektua saritu da eta, egia esan, bultzadatxoa eman zigun. Batez ere, baieztapena izan da.

Gainera Iparraldean ez du edozerk balio. Beste exijentzia maila dutela jabetu gara.
Antzezlan profesionala da. Hiruok gara gure arloan eta saiatu gara, eskaintzen dugun produktua kalitatezkoa izateko.

Hasieratik genion zer edo zer egiten hasita ondo egin behar genuela, ikusten ditugu eta gure ustez hain ondo egiten ez diren beste gauza batzuek. Auto-exijentzia jarri dugu bakoitzak gure aldetik.

Zer moduzko harrera izan du antzezlanak?
Programatzaileei, oro har, gustatu zitzaien, estreinaldia izanik zuzentzeko gauzatxo batzuek bazeudela aipatu arren. Eta eraman zituzten 20-30 umeei “izugarri” gustatu zitzaiela esan ziguten amaieran. Eta azken finean umeentzako lan bat da. Gero, helduei gustatzen bazaie hobe.

Zergatik gomendatzen duzue emanaldia? Zer dauka berezia?
Oso polita da, ume eta nagusientzako gomendagarria. Gainera, beste euskarri batean musika entzuteko aukera eskaintzen du. Musika eskolan ez da biolinarekin haur asko aritzen. Ikusi eta norbait ikasten hasten bada, ongi etorri. Ez da hori lehen helburua, baina...

Gainera, kultur etxean argiekin jokatu daiteke, eta polita aterako da.

Eszenografia zuena al da?
Bai, oso sinplea da. Mugitzen ditugun panel batzuek ditugu eta koloretako argien laguntzarekin espazio ezberdinak sortzen ditugu. Guk pista pare bat ematen ditugu eta beste guztia ikuslearen irudimenaren menpe egongo da.

Beste asmorik ba al duzue?
Oraingoz ez daukagu hau uzteko asmorik. Lehen bilera hura honetan bukatu da eta behin dena muntatuta erakutsi nahi dugu. Bakoitzak gure lana eta gure karrera daukagu, baina hau aurrera aterako balitz, ez dugu baztertzen aurrerago beste zerbait egitea elkarrekin. Ikusiko dugu, azken finean gure lanaren beste alde bat da hau.

Ikusleak ordu beteko antzezlana ikusten du, baina benetan hainbat hilabeteko lana izan da. Hitz egin, pentsatu, idatzi, probatu, entseatu, gauzak hobetu eta abar. Lan asko dago antzezlanean.