Okendo plazan burutu zuten udal zein Ttakun kultur elkarteko ordezkariek udako egitasmoen aurkezpena. Boris Nogales euskara batzorde burua, Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakaria, Pili Bermejo eta Jon Pello Artetxe Ttakuneko hezitzaileek parte hartu zuten aurkezpenean eta Okendon zebiltzan haur batzuek ere egitasmoei babesa eman zieten.
Boris Nogales udaleko ordezkariak azaldu zuenez urte asko dira udalak Ttakun kultur elkarteak uda sasoirako haur eta gazteentzat prestatzen dituen egitasmoak diruz lagundu eta babesten dituela eta aurten ere hala izango da "garrantzitsua iruditzen zaigulako gure herriko haurrek oporraldian ondo pasatzeko aukera izateaz gain, eskaintza ona eta euskalduna eskaintzea".
Tomas Arrizabalak Ttakunek aisialdi eskaintza kalitatezkoa eta euskalduna egiteko apustua egiten duela azpimarratu zuen eta animatu nahi izan zituen herriko haurrak honetan parte hartzera.
Adin bakoitzari zuzenduta
Pili Bermejo Ttakuneko hezitzaileak aurkeztu zituen banan-babanan aurtengo udaran herriko haurrentzako egiten den eskaintza. Ohi bezala uztaila eta abuztuan goizetan txokoetan parte hartu ahal izango dute 3 urtetik 12 urte bitarteko haurrek. Ohiko ordutegia 10:00etatik 13:00ak arte izango da baina lan egiten duten gurasoei erraztasunak emateko asmoz “Goiz txoko deritzon formula erabil dezakete, goizeko 9:00etan sartu ahal izango dira haurrak”.
Adinean aurrera irteera gehiago egiten dira eta LH2 eta LH3koek egonalditxo bat egiteko aukera izango dute txokoen baitan “etxetik kanpo nola moldatzen diren ikusteko aukera izango dute lau egunez” irteera hau txokoen baitan egingo da eta partehartzea hautazkoa da. Horretaz gain, kirol ekintzak egingo dira kiroldegian eta “ez da aspertzeko aukerarik izango”.
Udalekuei dagokionez, LH5 eta LH6koak Donemiliagara doaz uztailaren 3tik 14ra eta LH3 eta LH4koak uztailaren 16tik 27ra bitartean Mendigorriara. Hauetan parte hartu eta txokoetan jarraitu nahi dutenek ere aukera izango dute.
Ibiltaria
DBHko gaztetxoek Jon Pello Artetxek azaldu moduan, kanpaldi ibiltaria burutuko dute Lapurdi eta Gipuzkoako kostan zehar. Kasu honetan Kuadrillategin parte hartzen dutenentzat zabaldu da aste honetan izena emateko aukera eta datorren astean gainontzekoek egin ahal izango dute.
Izena emateko epea zabaldu da eta Ttakuneko bulegoan egin daiteke edo Internet bidez.
