
Gorka Lizarraga zinegotzia, Behmendiko Mikel Zendoia eta “Landare azokak” elkarteko Joseba Segurola kidea Urtinea Lorategian egin den prentsaurrekoan.
Urtinea Lorategian aurkeztu da gaur Okendo plazan larunbatean izango den Lasarte-Oriako I. Lore eta Landare azoka. Bertan izan dira Behemendiko Mikel Zendoia, Landare azoka elkarteko Joseba Segurola eta Gorka Lizarraga Lasarte-Oriako Udaleko Merkataritza ataleko arduraduna.
Gorka Lizarraga zinegotziak azaldu duenez, “merkatariekin egin ditugun parte-hartze bileretan proposatutako ideitako bat da hau. Honen bitartez herriko erdigunea larunbata goizetan biziberritu nahi da eta herritarrak bertan egon eta ersotea sustatu nahi da.”
Behemendi elkarteko Zendoiaren hitzetan, beste helburu bat ere badu, “eremuko ekoizleen produktuen salmenta bideak sustatzea”.
Okendo lorez betea
Aurkezpenean adierazi dutenez, Landare eta Lore azoka goizeko 9:00etan hasiko da eta 14:00ak arte egongo da Okendo plazan.
Era honetara, Udaberriko lore zein landare mota ezberdinen erakustoki paregabea bilakatuko da Lasarte-Oriako plaza: garaiko landareak, barnerako eta kanporako landareak, zuhaiskak, jateko diren fruitu txikien zuhaiska ekologikoak, landare aromatikoak eta sukaldaritzarako landareak, cactusak eta landare zukutsuak, bonsaiak, e.a…
Landare azokak elkartea
Eta horretarako Gipuzkoako lore eta landare ekoizle-profesional nagusiak bilduko dira, “Landare Azokak” Elkartea osatzen duten ekoizleetako zazpi: Usurbilgo Urtinea Lorategia eta Aramburu haztegia, Oiartzungo Zunoir, Irungo Bonsai, Errenteriako Islaya kaktusak, Zarauzko Lurberry eta Tafallako El Montañes.
Elkarteko kidea den Joseba Segurolak azaldu duenez, azoketan elkarteko kideekin landare eta lore esparru guztiak betetzen saiatzen dira.
Haurrentzako ekintzak
Honetaz gain, goiza osoan zehar musika izango dela eta etxeko txikiek aspertzeko aukerarik izango ez dutela jakin arazi du Mikel Zendoia Behemendiko kideak, “haurrentzako landare tailerrak eta jolasak izango dira”.
Gauzak honela, “Landare Azokak” elkarteko Segurolak eta Lasarte-Oriako Udalak herritarrak animatu nahi ditu larunbata goizean Okendo plazara hurbildu eta azoka berezi honetaz gozatzera.