
Kukukako dantza irakasle, ikasle eta arduradunak eta Ana Remiro Donostiako Udal Musika eta Dantza eskolako irakaslea izan dira prentsaurrekoan.
Lasarte-Oriako I. Dantza Topaketak aurkeztu dira gaur eguerdian Manuel Lekuona kultur-etxean. Kukukako dantza irakasle eta arduradunak eta Ana Remiro Donostiako Udal Musika eta Dantza eskolako irakaslea izan dira prentsaurrekoan.
Prentsaurrekoan azaldu duten legez, emanaldia apirilaren 27an, 12:00etan izango, Manuel Lekuona kultur etxean eta ordu betekoa izango da. Sarrera 2 eurotakoa izango da.
“Sarrera sinbolikoa da. Aretoaren alokairua eta topaketen gastuak gainditzen lagunduko duena,” azaldu dute Kukukako arduradunek.
Asmoak
Topaketa hauek dantzaren nazioarteko egunari lotuak daudela azaldu zuen Maider Oiartzabal Kukukako dantza irakasleak. “Lehenengoz eta aurrerantzean, Lasarte-Orian egun hau ospatzeko asmoa dugu.” Eta horregatik antolatu ditugu Dantza Topaketak.
Topaketek beste helburu bat ere badutela azaldu du Oiartzabalek, taldea amateurren zirkuitua egitea. “Talde amateurrek ere, profesionalen antzera, haien zirkuitua izateko eskubidea dute”. Honetaz gain, zirkuitu honekin eskolen arteko elkar ezagutzea eta harremana sustatu nahi da, “ez izatea dantzatzea eta listo, talde kideak haien artean harremana izatea”.
Gauzak honela, Lasarte-Oriako I. Topaketetan bi talde gonbidatu egongo direla azaldu zuten, Kukai gazte-formakuntza eta Donostiako Udal Musika eta Dantza eskola.
Ana Remiro Donostiako Udal Musika eta Dantza eskolako irakasleak aipatu duenez, “duela bi urte hitz egin genuen lehengoz Maider eta biok zirkuitu honi buruz. Guretzako aberasgarria da. Izan ere, ikasleei eszenatokira igotzeko aukera bat gehiago ematen baitzaie”. Gainera, “Topaketa hauetan parte hartzera bultzatu ninduena taldeek elkar ezagutzea eta harremanak sortu ahal izatea zen,” azpimarratu du.
Estiloak
Honetaz gain, Topaketetan estilo ezberdinak ikusteko aukera izango dela adierazi zuten. Donostiako dantza eskolako kideek dantza garaikidea eskainiko dute, Kukaiko gazteek euskal dantza sorkuntza eta Kukukako taldeek euskal dantza, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikidea eskainiko dute.
Dantzaren nazioarteko eguna
Bestalde, apirilaren 29an, Dantzaren nazioarteko egunean bertan, Kukukak Okendo plazan arratsaldeko 18:00etan ekintza bat egingo duela ere jakitera eman du. Ekintza zabala eta irekia izango da haien hitzen arabera eta mugimenduarekin zer ikusia izango du. “Eskolako ereserkia ere dantzatuko dugu”.
Kukukak herritarrak gonbidatzen ditu bi ekitaldi hauetan parte hartzera. “Haur eta heldu. Guztiek dute dantza egiteko eskubidea”. Eta dantza eguneko ekimenean dantzatu nahi duenak Kukuka eskolako kamiseta edo kamiseta berdea eramatea eskatzen dute.