Bermeo

Mailu Arruti 2013ko apirilaren 19a

Zer eramango zenuke inor bizi ez den irla batera?
Erantzun ohizkoenak.: Liburu on bat.
Praktikoena: metxero bat.
Aitor ezina: neska/mutil katxarro bat.
Aste honetan antzekotasun handia duten hizketaldi bat baino gehiago entzun ditut Bermeoko sute izugarria eta gero.
Zer aterako zenuke zure etxetik gauez, lotan zaudela, larritasunez etxeko atea joko balute eta etxea sutan dagoela oihukatu?
Erantzun xelebre bat baino gehiago entzun dut.
Lehenengo haurrak. Arrazoizkoa.
Lehenengo neroni. Arrazoizkoa hau ere.
Lehenengo haurrak, etxekoak, neroni, katua, txoria, argazkiak, ordenagailua, poltsa, dirua, libreta, famili liburua, etxeko eskriturak, aseguru poliza,
Haur batek amari: lehengo futboleko kromoen kolekzioa!
Arrazoiz jokatuko bagenu, esnaera traumatiko horretan zer da aterako genukeena? Noski berreskuratu ezin dena. Argazki zaharrak, dirua, beste guztia kopiatu daiteke.
Baina herio horretan ez dugu arrazoiz jokatzen. Inork ez dakigu nola erreakzionatuko genukeen. Ez ahal litzake momentu horretan agerian geratuko gure benetako izaera?
Lehenengo momentuan, bizilagun guztiak eskaratzera jaitsi eta izugarrizko gertutasuna sentituko genuke denok ondo gaudela ikustean (nahiz eta egunerokotasunean diferentzi bat baino gehiago eduki) eta bigarren momentuan elkarri begira jarriko ginateke. Hara hau hanka-hutsik jaitsi da. Eta beste hau beti hain panpoxa, piura horrekin lo egiten al du? Eta beste hau zer, beti bezala poltsari lotuta.
Larritasun hauetan asko ikasten dela iruditzen zait. Gure sen primarioenak agerian uzten ditugu. 83ko uholdeak etorri zaizkit gogora. Ikaragarrizko triskantzak eta ikaragarrizko laguntasuna.