Heriotza eta dolua aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 19a

Danok Kide Guraso Elkarteak antolatzen duen Balioetan Hezi jardunaldien aurtengo gaia, “Arreta doluan direnei” izango da. Hiru hitzalditan bizitzaren azken unean direnei ematen zaien laguntza jorratuko da. Astelehen, astearte eta asteazkenean arratsaldeko 19:30ean emango dituzte hitzaldiak Manuel Lekuona kultur-etxean Izaskun Andonegi eta Mila Arce erizainek.

Danok Kide Guraso elkarteak heriotzari eskaini dio aurten hamargarren aldiz antolatuko duen Balioetan Hezi Jardunaldia. Elkarteko antolatzaileen iritziz, “maite den norbait galtzea bizitzako gertaera oso latza da” baina denok “salbuespenik gabe” bizi beharko duguna. “Prozesu horretan, beharrezko dugu gure oinazeari hitzak jartzea, hitzik gabeko oinazea marmar ari delako barru-barruan eta urratu egiten duelako bihotza” adierazi dute antolatzaileek egitarauarekin batera argitaratu duten berripaperean.

Xabier Andonegi Jardunaldien koordinatzaileak esan digunez, herritarren interesari erantzunez antolatu dute aurten doluaren inguruan: “Donostian talde batek lan handia egin du arlo honetan eta esperientzia hori ekarriko dugu Lasarte-Oriara”.

Bidegin proiektua
Heriotzaren gaia jorratzeko gaia ondo ezagutzen duen Izaskun Andonegi erizaina gonbidatu dute Danok Kidekoek. Azken momentuan aringarriak ematen lan egiten duen erizain honek sortu zuen Bidegin elkartea, gaixotasun larriak dituztenei edota senideren bat galdu dutenei doluan laguntzeko.
Astelehenean arratsaldeko 19:30ean, “Bidegin, doluan laguntza. Gipuzkoarrei ekarpenak” gaia jorratuko du Izaskun Andonegik. Hitzaldi hau emateko, bere esperientzia kontatuko duen Ainara Elizetxearen laguntza izango du Bidegineko ordezkariak.

Hurrengo egunean, asteartean, “Bizitzaren azkenean lagun” hitzaldia emango du Izaskun Andonegik.
Asteazkenean Mila Arce haurrean psikiatri erizainak haur eta gaztetxoen kasua jorratuko du: “hiltze prozesuan nola hitz egin eta lagundu haur eta nerabeei” izenburua duen hitzaldia emango du esperientzia handia duen erizain horrek.