Igo zure argazkiak Txintxarri.info-ra!

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 19a

Txintxarri parte hartzaileagoa izan dadin martxan jarri genituen sare sozialetako gure perfilak eta albisteetan iruzkinak egiteko aukera. Behin baino gehiagotan animatu nahi izan zaituztegu zuen argazkiak gurera bidaltzea eta finenek egin ere bai! Euren inauteri, Korrikako argazkiak bidali zizkiguten gure argazki bildumak osatu ahal izateko. Orain tresna berria martxan jarri dugu prozesu hau oraindik errazagoa izan eta zuen mugikor edota tabletetatik zuzenean argazkiak gurera bidaltzeko.

Txintxarri.info -ren ibilbide berrian helburua izan da herritarren ahotsa bertan islatu eta jasotzea. Komunikazioa bi norabideetan gauzatzea bilatu dugu azken urte honetan modu berezian sare sozialen bidez baita gure albisteetan iruzkinak txertatzeko aukera emanez. Oraingoan beste tresna bat martxan jarri nahi izan dugu irakurleen eskura, zuen argazkiak Txintxarrira igotzeko aukera.

Maratoian, Inauterietan, Korrikan etab. zuen argazkiak gurera bidaltzeko gonbitea luzatu izan dizuegu eta batzuek erantzun dute. Argazkiak bidali eta Txintxarri.info -n ikusgai jartzen diren albumak osatzea posible eginez.

Prozesu hau erraztu dugu orain zuen mugikor, tablet, ordenagailuetatik ahalik eta errazen egin dezazuen aurrerantzean. Gainera zuen argazkiak kudeatu ahal izango dituzue eta nahi duzuenean hauek kentzeko aukera izango duzue.

Urratsak
Argazkiak atalean sartuta "igo argazkiak!" aukera aurkituko duzue. Hori bai, lehenengo aldiz sartzeko erregistratu beharko da erabiltzaile eta pasahitza eskuratzeko. Hauekin sartu eta argazkiak igo eta kudeatzeko lagungarri izango zaizkizuen argibideak aurkituko dituzue.

Adi! zuen argazkiak ez dira berehala ikusiko. Bertan azaltzen zaizuen moduan, Txintxarriko kazetariek hauek berretsi beharko dituzte.

Egun hauetan probatan egongo da tresna berri hau eta akatsak edota arazoak izatekotan eskertuko genizueke txintxarri@txintxarri.info helbidera helaraztea.

Animatu eta igo argazkiak!