Eguraldi onak lagundu egin du eta herritar mordoska hurbildu dira plazan kokatua zeuden zazpi postuetako zuhaixka, kaktus, bonsai, landare exotiko etab. begiratu eta erostera. Haurrentzako ekintzak eta jolasak ere egin dira eta lagun giro ezinhobean aritu dira uztai edota bolatxoekin jolasean egun honetarako antolatutako zelaitxoetan. Adin guztietako jendea hurbildu da lore eta landareak ikustera. Batzuek kuriositatez begiratzen zituzten lore berezienak, argazkiak ere ateratzen aritu ziren batzuk; beste batzuek berriz, ideiak garbi zekartzaten etxetik eta saltzaileekin tertulian aritzeko aprobetxatu dute landareen nolakotasunen inguruan. Finean, Okendo plazak itxura ederra hartu du larunbat eguerdian, jendetza, eguzki printzak eta landareen koloreak batuta, herria bizitasunez jantzi da.