Intzako seniorrek Udaberriko Sariari ekin diote, lau t´erdian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 21a

Intzako pilotarien denboraldia aurrera doa eta Herriartekoa iritsi bitartean, lau t´erdikoan egin zuten debuta, Udaberriko Sarian. Intzako Jon Pello Artetxe eta Aitor Aranburu aritu ziren lehian, baina ez batak ez besteak ezin izan zituzten aurkariak garaitu. Bestalde, azken urtetan bezala gaztetxo eta helduek jokatuko dute Intzak antolatutako San Pedro jaietako txapelketetan.

Pilota denboraldia aurrera doa pixkanaka-pixkanaka eta Intzako pilotariek Udaberriko Sariari ekin diote Herriarteko txapelketa jomuga dutela betiere.
Larunbatean, infantilen lehen jardunaldia behar zuena bertan behera geratu zen Hernani 3 taldea txapelketatik erretiratu egin delako, ondorioz, hurrengo astean ekingo diote Udaberriko errendimendu txapelketari Intzako gaztetxoek.

Seniorrak lau t´erdian
Seniorren kasuan gauzak ez ziren ongi atera lehen partidan. Jon Pello Artetxe herritarrak galdu egin zuen Udaberri Sariko 4 t´erdiko estreinako norgehiagoka Antiguoko Julen Iribarren aurka. Hasieratik bukaerara donostiarra nagusitu zen jokoan, eta azken markagailuan islatu zen hori, 22-5 hartu baitzuen mendean pilotari gazte lasateoriatarra.
Bigarren partiduan Aitor Aranburu aritu zen lanean Intzako elastikoa defendatzen, eta honek gauzak zail jarri zizkion Real Sociedadeko Aitor Odriozolari, azkenean donostiarraren aurrean amore eman behar izan arren, 22-18.
Jose Felix Solano prestatzaileak azaldutakoaren arabera, partidu “fisikoa, gogorra eta berdindua” izan zen, markagailuan parekatuta joan ziren bi pilotariak harik eta Odriozolak lau bat tanto jarraian egitea lortu zuen arte. Hortik aurrera gauzak zail jarri zitzaizkion Intzako pilotariari, baina ez zuen amore eman eta azken hatseraino jarraitu zuen borrokan.
Hala ere, Solanok esan du txapelketa hau batez ere Herriartekoa prestatzeko erabiliko dutela: “Ez daukagu inolako helburu argirik lau t´erdian, jokatu, partiduak pilatu eta pixkanaka Herriarteko txapelketari begira sasoi puntua hartzea, besterik ez”.

Aitor Aranburu pilota astintzeko zorian Jose Felix Solanoren Intzako prestatzailearen begiradapean.


San Pedroko lehiaketa
Bestalde, aurten ere San Pedro jaietan pilota txapelketako finalak ikusteko aukera izango da. Eta azken urteetan bezala, gaztetxo eta helduek jokatuko dute Intza K.E.-k antolatutako San Pedro jaietako txapelketetan.
Benjamin, alebin eta infantilei zuzendutako San Pedro Jaietako XXI. Txapelketan 1999 eta 2004. urte artean jaiotako Lasarte Oriako gaztetxoek parte hartu dezakete.
Era berean, Lasarte-Oriako elkarteak beteranoen III. Eskuz binakako txapelketa herrikoia ere prestatu du.
Hau ere, herriko pilotarientzat da soilik eta 1977 urtean edo aurretik jaiotakoek parte hartu ahalko dute.
Partiduak 22 tantura eta pilota goxuarekin jokatuko dira.

Arauak
Bi txapelketetako partiduak Loidi-Barreneko frontoian jokatuko dira larunbat eta igande goizetan.
Antolakuntzak jakinarazten duenez, derrigorrezkoa da kirola egiteko arroparekin jokatzea; finalerdiak eta finalak, aldiz, kamiseta eta galtza zuriarekin jokatu beharko dira.

Izena ematea
Gaztetxoen txapelketan izena emateko astearte edo ostegunetan 18:30etatik 20:00etara Michelingo frontoira hurbildu behar dira txapelketetan parte hartzeko interesa dutenak eta Peio Sarasolagatik galdetu behar dute.
Izena emateko azken eguna apirilaren 30a da. Eta antolakuntzak azpimarratzen du, ez dela inskripziorik onartuko epetik at.
Beteranoen txapelketari dagokionez, honetan parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak 657 770 318 zenbakira deitu behar du.