Musikak hartu du herria

jon-altuna-egitegi 2013ko apirilaren 21a

Ruper Ordorikaren kontzertuarekin ekin zitzaion Musika Asteko asteburuko egitaraua beteari. Oñatiarraren kontzertuaz gain, Pasaia Musikaleko taldeen doinuez gozatu ahal izan zuten herritarrek larunbatean, eta igandean berriz, proposamen bikoitza; eguerdian Ana Belen Garciaren organo kontzertu ederra Brigidetan eta arratsaldean, kultur etxeko aretoan, “Biolin magikoa” antzerki musikatua izan zituzten herritarrek gozagarri.

Sona handiko abeslaria da Ruper Ordorika, Euskal Herri osoan ezaguna. Baina ikuslea ez dago ohituta oñatiarra eskenatokian bakar-bakarrik ikustera, bere gitarra makulu bakartzat hartuta. Normalean, taldekideen laguntzaz kontzertu indartsuak eman ohi ditu, baina formatu honekin, emanaldi intimoagoa egiteko aukera izan zuen kultur-etxean bildu ziren 160 ikusleren aurrean.

Ia ordu eta erdi iraun zuen kontzertua izan zen, etenik gabea. Nabari zitzaion gustura zegoela, Lasarte-Oriara azken aldiz “duela hemezortzi urte” etorri zela gogoratuta, berriro ere hemen jotzea “plazer handia” zela aitortu zuen.

Hamairu abestiko errepertorioan, ez zituen bereziki kanta ezagunenak jo, baina Ordorikaren ahots sendo eta bakarrak publikoa gatibu hartu zuen hasieratik bukaerara arte.
Jendea ez zen hamahiru kantekin asetu ordea eta “Beste bat! Beste bat!” eskatu zioten ozen txantxikuari. Honek, txalo zaparrada eskertu eta bis bat egin zuen “Martin Larralde” kanta ezagunaz eta “Ama Euskadi” abesti xiberotarraz. Horrela esan zion agur Lasarte-Oriari, ostera itzultzeko esperantzaz.
Larunbat arratsaldean berriz, Pasaia Musikaleko ikasleez osatutako Octopus eta White Storm taldeek Coldplay, The Beatles, Oasis edota Sorotan Bele taldeen obrak bertsionatu zituzten.

Igandean aukera bikoitza

I. Musika Astea proposamen bikoitzaz amaitu zuten herritarrek. Eguerdian, Ana Belen Garcia organo-jole trebatuak kontzertua eskaini zuen Ama Brigitarren komentuan 40 ikus-entzuleren aurrean.
Ia 100 urte dituen organoari doinu goxoak ateratzeaz gain, Garciak berak teklatu, botoi, pedal etab.en nolakotasunak azaldu zituen, kontzertu musikal hutsa izateaz gain, didaktikoa ere izan zen emanaldian. Gehienbat XVII. eta XVIII. mendeko autoreen obrak interpretatu zituen, kantu emankorrak, izan ere garaiko konpositoreek mundu osoko musikez elikatzeko aukera izan baitzuten egiten zituzten bidai luzeen bidez. Garciak herritarren berotasuna nabaritu zuen obra bakoitzaren ostean jasotzen zuen txalo-zaparrada bakoitzaz.

Arratsaldean berriz, herriko haurrek “Biolin Magikoa” antzerki musikatua ikusteko aukera izan zuten. Musikaren historia eta istorioez ikasi eta gozatzeko aukera eduki zuten bi aktoreen ahots eta biolin baten doinuen laguntzaz.