Apirilaren 23an ospatzen da Liburuaren Eguna mundu osoan, 1616an egun horretan Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega idazleak hil zirela gogoratuz.
Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetan zenbait ekintza berezi egingo dituzte egun hau dela eta.
Sasoetan daukate egitaraurik oparoena. Goizeko 9:00etan hasiko dira ikasleei zein egun den azalduz eta hiru irakurketa egingo dituzte: “liburuaren eguna ospatzearen zergatia”, “Haur liburuaren Nazioarteko Egunaren mezua”, eta “On Kixote” liburuaren lerro batzuek.
Bestalde, goizean eta arratsaldean, txirrinak jotzen duenean egiten daudena utzi eta irakurtzen hasi beharko dute ikasleek. Gainera, eguerdiko 12:15ean, 3. zikloko ikasleek 1. eta 2. mailakoei ipuinak kontatuko dizkiete, Liburuaren Egunarekin lotutako eskulanak egingo dituzte eta etxetik ekarritako liburuak trukatzeko txokoak jarri dituzte ikasle eta irakasleentzat.
Sampedrori omenaldia
Bestalde, hil berria den Jose Luis Sampedroren omenez “La sonrisa etrusca” liburuko pasarte batzuek eta Stéphane Hessel-en “Suminduak” liburuaren gaztelerazko bertsioan idatzi zuen hitzaurrea irakurriko dituzte.
Landaberri ikastolan, astean zehar, olerki eta ipuinak aukeratu eta irakurriko dituzte. Asteartean, 6. mailakoek egingo dituzte irakurketak 7-11 urte arteko ikasleentzat.
HHIren Literatur Lehiaketa
Helduen Hezkuntza Iraunkor HHI eskolak urtero antolatzen du Literatur Lehiaketa Liburuaren Egunarekin batera eta XIII. Literatur Lehiaketa horretan aurkeztutako idatzietako batzuek, bihar, asteartea, Manuel Lekuonan egingo den ekitaldian irakurriko dituzte.
Eskolako talde bakoitzak ikaskideen artean lan bat aukeratuko du, gero taldeka aterako dira oholtzara, eta testuaren egileak berak irakurriko du beste guztien aurrean. Aukeratuek oroigarri bana jasoko dute.
Irakurketen ondoren HHI eskolako ikasle bat omenduko dute, urtero bezala, bere adinarengatik, eskolan daraman urte kopuruarengatik edo egin duen ahaleginarengatik.
Ipuin kontalaria
Hau guztiaz gain, Ixabel Millet ipuin kontalariak saio berezia egingo du haur liburutegian, 18:00etan, euskaraz, 6-8 urte arteko haurrentzat. Gurasoek kanpoan itxaron beharko dute.
“Kamishibai”, Japonian XII. mendean budisten tenpluetan sortutako teknika erabiltzen du Ixabel Millet-ek ipuinak kontatzeko. Hitzez hitz japoniarrez “paperezko drama” esan nahi du. Teknikaren oinarria oso sinplea da. Ipuin kontalariak marrazkiak prest ditu eta orriak pasatuz kontatzen du ipuina.
