“Herria industri basamortu bihurtuko dute Bildu, EAJ eta Plataformak”

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 22a

Lasarte-Oriako gobernuan diren alderdiek garapen ekonomikoari eta enplegua sortzeari trabak jartzen diela salatu du PSE-EEk. “Teresategin industrialdea jartzeari uko eginda, Gobernu taldeak berriro ere apustu egin du gure herria logela-hiri bilakatzeko. Orain arte hartu den erabakirik larriena da, eta Lasarte-Orian enplegua sortzeari erabateko kolpea” salatu du PSE-EEk.

Herriaren etorkizunari ateak ixtea leporatu die Bildu, EAJ eta Plataformari Jesus Zaballos PSE-EEren bozeramaileak: “Oso erabaki larria da, Lasarte-Oriaren ekonomi garapena eta ehundaka lanpostuen sorrera eragozten duelako”.

Zaballosek adierazi duenez, “Lasarte-Oriak hedadura laburra du eta industrialdeak behar ditu. Beraz, harrigarria da udal agintean direnen etorkizun-sen eskasia. Egun bizi dugun krisi larri garaian gure lurretan enpresak jartzeko eta lanpostuak sortzeko baldintzak bultzatu behar dituzte, oro har, erakundeek eta, bereziki, gure udalak”.