Maiatzaren 1erako eskualdeko manifestazioa deitu du LABek

Txintxarri Aldizkaria 2013ko apirilaren 22a

LAB sindikatuak gaur egindako agerraldian Maiatzaren 1ean Hernanin egingo den Manifestazioan parte hartzera deitu dituzte Buruntzaldeko herritarrak. Eskualde mailako manifestazioa 12:00etan abiatuko Gudarien plazatik "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" lelopean.

LABeko ordezkariak Hernanin gaur goizean egindako agerraldian.
Gaur aurkeztu dute Hernanin LAB sindikatuko ordezkariek Maiatzaren 1erako mobilizazioa. Eskualde mailako manifestazioa antolatu dute eta hau Hernaniko Gudarien plazatik abiatuko da "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" lelopean.

Sindikatuko ordezkariek honako oharra irakurri dute:

"Urtez urte gobernuek eginiko erreforma desberdinen bidez krisi ekonomikoan sakontzen ari garen une honetan Maiatzaren 1ak berebiziko garrantzia hartzen du. Harturiko neurri guztien ondorioa da, langileak pobretzea eta honen kontura aberatsak aberatsago egitea, eskubideen murrizketa eta zerbitzu publikoen gutxitzearekin batera.

Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez ere hemengo agintariak ez dira atzean geratu. PNVk aurkezturiko aurrekontuak inoiz prestaturiko aurrekontu anti-sozialenak dira honek ekarriko dituen ondorio guztiekin; negoziazio kolektiboarekin, patronal pribatuaren eredu izan beharko lukeen administrazio publikoak funtzionarioen lan baldintzak dekretu bidez onartu ditu negoziazioari lekurik utzi gabe.

Eskualdeko egoerari erreparatzea besterik ez dago neurri hauen ondorioak ikusteko:

2008ko Abenduan 2979 langabetu egotetik, gaur egun 4855 langabetu egotera pasa gara %15,43ko langabezia tasarekin.

Langileen lan baldintzetan atzera pausu izugarriak ERE bidez, lan baldintzen oinarrizko aldaketen bidez… gobernuek, patronalari bere neurrira eginiko tresna guztiak eskura utzi baitizkie. Eskualdeko langileriaren zati handiena hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan dago negoziazio kolektiboan lan harremanak desarautzeko bidean sakontzeko egoniko erreformen ondorioz.

Honi guztiari aurre egiteko hainbat borroka egin ditugu, eta orain ere borrokan gaude; horregatik aukeratu dugu aurtengo Maiatzaren 1erako “Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria” leloa. Erreforma eta eraso guztiei aurre egiteko prest gaudelako eta hemen, Euskal Herrian eta Buruntzaldean alternatiba eraikitzen hasi garelako:

Burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu. Eredu sozial berri baten eraikuntzan, burujabetza ezinbesteko elementua dugulako.

Aberastasun banaketan oinarrituko den Lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzen dugu Euskal Herrian.

Testuinguru honetan eta aldarrikapen hauekin aurten ere Maiatzaren 1eko aldarrikapenak eskualdera ekartzea erabaki dugu. Langileriaren borrokarako eremuan, gertuko gatazkei erantzunez, alternatiba eskualdetik eraikiz".