Patri Hurtado eta Pablo Gilgado ikasleak omendu ditu Helduen Eskolak

jon-altuna-iza 2013ko apirilaren 23a

Helduen Hezkuntza Iraunkor Eskolak Manuel Lekuona kultur etxean ospatu du Liburuaren Eguna. Arratsaldeko 16:45ean hasi den ekitaldian ikasleek XIII. Literatur lehiaketan aurkeztutako idatziak irakurri dituzte eta ondoren eskolak Patri Hurtado eta Pablo Gilgado ikasleak omendu ditu: “guztiak omendu nahi genituen baina beste guztiak ordezkatuz bi aukeratu ditugu irakasleek” azaldu du Paco Garcia Helduen Eskolako zuzendariak.

Etorkinen taldeak ere parte hartu du Literatur Lehiaketako testuen irakurketan.
Helduen Hezkuntzan ari diren herritarren ahalegina goraipatu, eskertu eta omendu ditu Lasarte Oriako HHI zentroak gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian egin den ekitaldian. Paco Garcia Eskolako zuzendariak esan duenez, “beste ikasle guztien izenean” Patri Hurtado eta Pablo Gilgado ikasleek jaso dute oparitxo bana eta bildutakoen txalo zaparrada. Zuzendariak esan du, “harro” dagoela “asko eta ondo” erakusten duten irakasleetaz eta, bestalde, ikasle guztien ahalegina goraipatu du, “denak omendu nahi genituen baina bi aukeratu ditugu beste guztiak ordezkatzeko”. Patri Hurtadok, lore-sorta eta Pablo Gilgadok “bere baratzean jartzeko” mandarinondoa jaso dute Garcia zuzendariaren eskutik.

Omenaldiaren aurretik Helduen Eskolako zortzi talde igo dira oholtzara. Talde bakoitzak ikasleek idatzitako zenbait idatzi aukeratu ditu eta testu horiek egileek irakurri dituzte beste guztien aurrean. Ondoren opari bana jaso dute. Irakurketak hiru hizkuntzatan egin dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Aipagarria da, etorkinen talde batek ere parte hartu duela irakurketan.

Eskolako Alberto Alonso eta Isabel Arrizabalagak aurkeztu duten ekitaldiaren amaieran ospakizuna egin dute kultur etxean bertan. Eskolako ikasleek eurek egindako tarta eta bizkotxoak dastatu dituzte Kultur Etxeko lehen solairuan. Aipagarria da uste baino ikasle gehiagok eraman dituztela txokolatean bustitzeko postreak. Oholtzara igoarazi dituzte guztiak Eskolaren oparitxo bat jasotzeko eta Paco Garcia zuzendariak aitortu behar izan du denentzat ez zegoela uste baino gehiagok eraman dituztelako.

Isabel Arrizabalaga, Pablo Gilgado, Paco Garcia, Patri Hurtado eta Alberto Alonso.
Irakurketan parte hartu duten ikasle guztiek jaso dute opari bana.