Jalgin topatu dugu Salah Hmatou Ameidan. Irripartsu eta lotsati azaldu da argazkia egiteko garaian baina korrikalari honen ausardia eta kemena nazioartean ezaguna da. Mendebaldeko Saharan heroi bat da Salah.
Salah Hmatou Ameidan Saharako kanpamendutan hazi eta 14 urterekin mehatxupean, Marokoko atletismo taldean sartzea behartu zuten. Kros txapelduna, Afrikako txapeldun orde hiru aldiz, bere kirol ibilbide arrakastatsua kolokan jarriko zuela jakinda, 2003an Frantzian lasterketa bat amaitzen ari zela, helmugatik 200 metrora, Mendebaldeko Saharako bandera atera zuen.
Keinu hau Marokon garesti ordainduko zuela ondo zekien, Marokora iritsi bezain laster, atxilotzeko zain izango zuen polizia. Honetaz jakitun, Frantzian asilo politikoa eskatu zuen eta bertan bizi da ordutik.
Frantzia eta Espainiako hiritartasuna eskaini zitzaion herrialde hauetako selekzioekin lehen mailako kirol probetan lehiatzen jarraitzeko, izan ere Marokorekin asko izan ziren lortutako dominak, baina korrikalariak ez ditu onartu nahi izan "bere herrialdea bakarra da, Mendebaldeko Sahara". Korrika egitea bere erresistentziarako arma bezala ulertzen duela dio. Bere helburua, bere herriaren egoera salatzea nazioartean.
Helburu hau medio oso zaila izan zaio babesleak aurkitzea eta batez ere lasterketetan irabazitakoarekin eta hainbat erakunderen elkartasunari esker bizi da korrikalaria.
Euskal Herria ezagun
Marokon zegoela behin atxilotu zuten bere herriaren egoera larria salatzeagatik, Frantzian bizita ere bere etxea lau aldiz erasotu dute eta bere familiako hiru kide Marokon kartzelan daude hain zuzen, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko lana egitea leporatuta.
Euskal Herriarekin lotura dauka eta askotan izan dela hemen azaltzen du. Entrenatzera etortzen da eta gertutik jarraitzen du Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten euskal talde, elkarte ezberdinen lana. Filmean Behobia egitera etorri eta lasterketa lesio baten erruz bukatu gabe utzi behar izan zuen aldia jasotzen da ere.
Bi urteko lana
Saeed Taji Farouky zuzendari palestinarrak egin du korrikalari honen bizitzaren inguruko film dokumentala eta bi urteko lana izan da. Bihar ikusi ahal izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian 16:30ean.