Hekimenek elkartasuna adierazi dio Lander Arbelaitz Argiako kazetariari

Txintxarri Aldizkaria 2013ko api. 24a, 11:32

Hekimenek elkartasuna adierazi hi izan dio Lander Arbelaitz ‘Argia’ aldizkariko kazetariari, eta Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi du. Euskal hedabideen elkarteak kazetariek nahi duten ikuspuntutik informatzeko daukaten eskubidea aldarrikatu du. Txintxarri Hekimenko partaide bezala, bat egiten du honekin.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak elkartasuna agertu nahi dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, AskeGunea hustutzeko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta.

Hekimeneko kide sortzaileetako bat da Argia aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean.

Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana".

Txintxarri Hekimeneko partaide den neurrian bat egin nahi izan du elkarteak kaleratutako mezuarekin eta Lander Arbelaitz kazetariari elkartasuna adierazi.