Jalgin topatu dugu Salah Hmatou Ameidan bere bizitzari buruzko dokumentala egin duen Saeed Taji Farouky zuzendari palestirarrarekin. Mendebaldeko Saharan heroi bat da Salah.
Salah Hmatou Ameidan Saharako kanpamendutan hazi eta 14 urterekin mehatxupean, Marokoko atletismo taldean sartzea behartu zuten. Kros txapelduna, Afrikako txapeldun orde hiru aldiz, bere kirol ibilbide arrakastatsua kolokan jarriko zuela jakinda, 2003an Frantzian lasterketa bat amaitzen ari zela, helmugatik 200 metrora, Mendebaldeko Saharako bandera atera zuen.
Keinu hau Marokon garesti ordainduko zuela ondo zekien, Marokora iritsi bezain laster, atxilotzeko zain izango zuen polizia. Honetaz jakitun, Frantzian asilo politikoa eskatu zuen eta bertan bizi da ordutik.
Frantzia eta Espainiako hiritartasuna eskaini zitzaion herrialde hauetako selekzioekin lehen mailako kirol probetan lehiatzen jarraitzeko, izan ere Marokorekin asko izan ziren lortutako dominak, baina korrikalariak ez ditu onartu nahi izan "bere herrialdea bakarra da, Mendebaldeko Sahara". Korrika egitea bere erresistentziarako arma bezala ulertzen duela dio. Bere helburua, bere herriaren egoera salatzea nazioartean.
Helburu hau medio oso zaila izan zaio babesleak aurkitzea eta batez ere lasterketetan irabazitakoarekin eta hainbat erakunderen elkartasunari esker bizi da korrikalaria.
Euskal Herria ezagun
Marokon zegoela behin atxilotu zuten bere herriaren egoera larria salatzeagatik, Frantzian bizita ere bere etxea lau aldiz erasotu dute eta bere familiako hiru kide Marokon kartzelan daude hain zuzen, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko lana egitea leporatuta.
Euskal Herriarekin lotura dauka eta askotan da hemen azaldu digu "Saharako maratoian euskal lagun asko egin ditu eta haiekin harremana mantentzen dut". Entrenatzera etortzen da eta gertutik jarraitzen du Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten euskal talde, elkarte ezberdinen lana.
Gainera bereziki gustatzen zaio Euskal Herria "hemen ez dut atzera begiratu behar, seguru sentitzen naizen herrialde bakarra da, izan ere Frantzian erasoak pairatu ditut eta beldur hori izaten dut" Filmean Behobia egitera etorri eta lasterketa lesio baten erruz bukatu gabe utzi behar izan zuen aldia jasotzen da ere.
Bi urteko lana
Saeed Taji Farouky zuzendari palestinarrak egin du korrikalari honen bizitzaren inguruko film dokumentala eta bi urteko lana izan da "guztira hiru urte egin ditugu elkarrekin, biak hitz gutxikoak gara eta nire kasuan irudi bidez islatu nahi izan dut herri honek pairatzen duena". 2006an kanpamenduetan egon zen kazetari lanetan Saeed Taju Farouky "eta hasieratik argi ikusi nuen herrialde honen inguruan zerbait egin behar nuela. Han izan nuen Salahren berri".
Elkarrekin ondo moldatu dira lanean "Salahk ez du hitzez bere borroka, bere helburuak...adierazten bera korrika moldatzen da eta nik ere kamararekin hobeto moldatzen naiz hitzekin baino, hori islatzen da filmean, dialogoak gutxi dira irudiari garrantzia eman diogulako".
Salahri bere bizitzaren inguruan filma egiteko proposamena azaldu zionean Salah pixkat beldurtu zen "ez naiz kameren lagun baina ondo ulertu dut gure herriko borroka ikusentzunezkoetan ez dela behar bezala islatu. Egun irudiak duen boterea gure aldarria zabaltzeko erabili behar dugu".
Ostegunean, ikusi ahal izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian 16:30ean.
